Hirugarren aldiz antolatu dute garagardo azoka Etxarri Aranatzen. Aurreko bi urteetako esperientzia politaren eta sortutako giro ederraren ondoren, errepikatzea erabaki dute. Nagusia eta Artola kaleen artean jarritako karpak hartuko du azoka gaurtik igandera. Handik pasatzen direnek kupeleko bost garagardo eta botilako beste zazpi dastatzeko aukera izanen dute; dozena bat marka desberdin. Ohi bezala jatekoa ere eskainiko dute: txerri ukondoa, oilasko hegoak, saltxitxak eta patata minak. Sukaldea 20:30etik 00:00etara izanen dute zabalik.