Preso politikoekiko Elkartasun Eguna burutuko da apirilaren 29an Etxarri Aranatzen. Jon Gurutz, Asier, Luis, Unai, Juan Ramon, Hodei eta Oihan etxarriarrak izanen ditugu gogoan bereziki, aurten baita ere, nola ez, Adur, Oihan eta Jokin altsasuarrak. Denak Kalean nahi eta behar ditugu, lehen bait lehen.
Testuinguru berezian dator 2017ko Elkartasun Eguna. Jendarte Zibilaren ekimen bakegileak apirilaren 8an arrakastaz gauzatu zuen ETAren armagabetzeak eztabaida politikoaren erdigunean jarri du berriro ere bakearen agenda, bereziki preso zein iheslari politikoak etxeratzeko erronka. Ekimen ugari abian jarri dira erronka honi heltzeko, Euskal Udaberriaren ikur bilakatu den Gernikako Lore gorri eta berdearen irudiarekin. Apirilaren 17an, Preso Politikoen nazioarteko egunean, ehunka preso ta iheslari ohi Gernikatik mundura zabaldu zuten Bakea eta Askatasunaren aldeko aldarria, frankistek Bizkaiako herri hau bonbaz txikitu zutenetik 80 urte betetzen direnean. Bakea eta Askatasunaz gozatu ahal izateko, ezinbestekoa da preso eta iheslari guztiak gure artean eta libre egotea. Euskal Herrian ideia honekin bat egiten du jendartearen gehiengo osoak. Eremu honetan ere galdera da zer egin behar dugun Euskal Herriaren borondatea errespetatua izan dadin, bakea baino gatazka eta sufrimentua areagotzeko apustuan temati segitzen duten Estatuak mugiarazteko.
Galdera honek ez du erantzun errazik, bistan da ezetz. Ez zen erraza ere armagabetzea gauzatzea Madrid eta Parisen borondatearen aurka. Herriaren borondateari bidea irekitzeko sortzaileak eta kementsuak izatea tokatuko zaigu....beti garbi izanda gure indarra juxtuki horixe dela: herriaren nahi eta ilusioekin bat egitetik datorrena. Presoak beraiek ere jakitun dira horretaz, esateraino egiten ari diren eztabaidaren helburu nagusietakoa dela hain zuzen ere herriarekin komunikazio zubiak biderkatu eta elkarlana sustatzea, Bakea eta Askatasunaren bidean.
2017An, Euskal Udaberriak Sakanan izanen du hasiera eta amaiera. Apirilaren 29an abiatuko da Etxarri Aranazko Elkartasun Egunarekin, eta uztailaren 30ean Lakuntzan amaiera ezin borobilagoa izanen du Hatortxu Rocken 20. edizio ikusgarriarekin. Tartean, hamarnaka mobilizazio, ekitaldi...maiatzaren 20an Curtis, Fleury, Picassent, Puerto, Roanne eta Saint Maureko espetxetara iritsiko diren elkartasun Martxak (Sakanatik Jon Gurutz Maiza dagoen Saint Maurrera joanen gara).
Apirilaren 29an Etxarri Aranatzen elkar ikusiko dugu, egun osoko egitaraua prestatu dugu denon parte hartzea ahalbidetzeko. Arratsaldeko 20:00etan “Preso ta Iheslayek etxien nehi ttugu” Manifestazioa irtengo da Etxarriko Plazatik.