Veni, vidi, vici. Euskaraz, etorri, ikusi eta garaitu. Hori egin du Joanes Bakaikoa pilotari gazteak. Etxarriarrak aurten debutatu zuen Asegarcerekin, ilbeltzaren 14an, promozioko Binakako Txapelketan, Ladis Galarzarekin bikotea osatuta. Txapelketan behetik gora egin zuen bikoak. Ondoren, promozioko Buruz Burukoa iritsi zen eta hor beste maila bat gora egin du Bakaikoak, finalerdirako sailkatu baitzen.
Larunbatean Tolosan jokatutako promozioko Buruz Buruko finalerdian, Joanes Bakaikoak Gorka izan zuen aurkari. Etxarriarrak sufritzen jakin zuen, Gorkaren erasoei eutsi zien eta pilota alde izan zuenean piloteoa dominatu zuen, tantoak pilatuz. Horrela, 14 eta 22 irabazi zion Gorkari eta profesionaletan soilik 4 hilabete eman ondoren, bere lehen finala jokatuko du. Buruz buruko promozioko finalean, finalerdietan Peña II.ari 22 eta 16 irabaztetik datorren Axier Arteaga izango du aurkari etxarriarrak. Finala maiatzaren 20an jokatuko da, larunbatarekin, Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta nahiz eta finalerako sailkatzea, berez, primerakoa izan, irabaziz gero, zer esanik ez.