Pegatinak gora-behera, udala euskararen normalizazioaren alde

Guaixe 2017ko mai. 10a, 10:36

UEMAren herri sarrerako Etxarri Aranatzen euskaraz bizi gara seinale bat sei pegatinekin agertu zen atzo goizean. Espainiako bandera hondoan dutela irain moduan hatz erakuslea erakusten duen gizon bat ageri da haietako bostetan eta bestean Bilduren logotipoa eta ETAren anagrama paperontzira botatzen bestea.

Gertakari horren aurrean Etxarri Aranazko Udalak oharra egin du publiko: “penagarria da oraindik orain euskarak eta euskararen normalizazioak erasoak jasotzea; are gehiago, eraso horiek areagotzea. Badirudi batzuei ez zaiela gustatzen herritar eta udalerri askok euskaraz bizitzeko egin dugun apustua”. Udaletik gaineratu dutenez, “azken honetan sektore batzuk amorratuta daude euskararen normalizazioa oztopatzeko zuten kontrol instituzionala galdu dutelako, eta euskara konfrontaziorako tresna politiko moduan erabiltzen ari dira, horrelako erasoak sustatuz”. Etxarri Aranazko Udalak euskararen normalizazioaren alde lan egiten segituko duela gaztigatu du.