Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Axier Arteagak larunbatean jokatuko dute Promozioko Buruz Buruko finala. 20 urte ditu pilotari etxarriarrak, aurten debutatu zuen eta promesen binakakoan behetik gora egin ondoren, promesen buruz burukoan saltoa eman du eta finalerako sailkatzea lortu du, Etxeberriko Julen Martija, Urretabizkaia II.a eta Gorka bidean utzi eta gero.
Horrela, hiru hilabete t´erdi eskas profesionaletan egon eta gero, bere lehen finala jokatuko du Bakaikoak. Non eta Labriten, bere frontoi kuttunean. Asteazkenean egin zuten material aukeraketa. Etxarrikoari kosta egin zitzaion pilotak aukeratzea. Materiala aukeratzen zuen bere lehen aldia zen. “Pilota asko zeuden eta nik espero nuen diferentzia gehiago egongo zela euren artean, baina ez dut ikusi halakorik, oso antzekoak ziren. Pilota exigenteak, pisu nahikorekin. Partida egunean ikusiko da nolakoak diren. Nik nahiago ditut arinxeagoak, baina arazorik gabe” aipatu zuen aurrelari etxarriarrak. Buruz buru, lehenengo asko defenditu behar dela eta aukera dagoenean tantoa bukatu behar dela argi du Bakaikoak.
“Nire lana ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz, eta irabazten badut, hobe. Lasaia naiz, normalean ez naiz urduri jartzen. Ea finalean ere hala den. Niretzat premio handia da finalera iristea eta oso ilusionatuta nago. Partidaz partida joaten naiz, partida bakoitza ahalik eta hobekien prestatuz eta finala ere horrela prestatu dut. Disfrutatzen saiatuko naiz. Sakea oso garrantzitsua da eta partidan barna zentratua egotea, ezinbestekoa. Ezin da inoiz partidatik atera. Guztion ametsa da txapela ekartzea. Bera aterako da faborito eta ni nirean zentratuko naiz, saiatuko naiz nire maila ematen eta ahalik eta hobekien aritzen” nabarmendu zuen Bakaikoak. Ea txapela Etxarrira ekartzen duen.