Joanes Bakaikoa pilotari gazteak ilbeltzaren 14an debutatu zuen Asegarcerekin. Promozioko Binakako Txapelketan debutatu zuen Bakaikoak, Ladis Galarzarekin bikotea osatuta. Txapelketan behetik gora egin zuen bikoak. Ondoren, promozioko Buruz Burukoa iritsi zen eta hor beste maila bat gora egin du Bakaikoak, finala jokatzeko sailkatu baita, finalerdi gogorrean Gorkari 14 eta 22 irabazi eta gero.
Buruz buruko promozioko finalean, finalerdietan Peña II.ari 22 eta 16 irabaztetik datorren Axier Arteaga izango du aurkari etxarriarrak. Finala bihar jokatuko da, larunbatean, 17:30ean Labriten hasiko den jaialdian (ETB1). Joko onarekin dabil etxarriarra, bolada onean, lesioek errespetatzen dute eta animua gogotsu du. Adierazi duenez, gora egiten ari da eta ibilbide horri eutsi nahi dio. Bere aldetik, Arteaga konfiantzarekin dago eta bera da faboritoa, apustuak bere alde aterako dira. Nonbait horrek ez du etxarriarra urduri jartzen. Finaleko gakoak, zalantzarik gabe, sakea eta burua hotz mantentzea izango dira. Finala gogotik prestatzen ari da etxarriarra, ilusioz gainezka dago eta ea bere lehen txapela janzteko aukera duen, Labritera bera animatzera joango diren senitarteko, lagun eta herritarren babesarekin. Bere lehen finala Labriten jokatzeak, zalantzarik gabe, ilusio handia egingo dio.