Final handien itxura zuen Labrit pilotalekuak larunbatean. Beteta eta sekulako giroa. Promesen mailako buruz buruko finala zegoen jokoan eta lehen mailako ikuskizuna eman zuten Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Axier Arteagak.
Finala oso gogorra izan zen, emozio handikoa. Arteaga nagusitu zen hasieran, eta 11 eta 2 aurreratzea lortu zuen. Sakearekin mina egin zuen gipuzkoarrak eta Bakaikoak defentsa lan handia egin behar izan zuen. Baina, gutxinaka, partidari buelta ematea lortu zuen etxarriarrak eta 9 tantoko partzialarekin hamaikara berdintzea lortu zuen; ikusgarria. Hortik aurrera, parez pare ibili ziren bi pilotariak. Denetarik egon zen: dejadak, sakeak, pilotakada ikusgarriak… Ondorioz, estu estu zegoen markagailua: 13 eta 12, 15 eta 15, 20 eta 18… Baina azken txanpan Arteagak bi tanto egitea lortu zuen eta promesen buruz buruko txapela janztea lortu zuen. Hori bai, ederki kostata. Debutatu zuenetik hiru hilabete t´erdi pasata, orain arte egindakoarekin kontentu egoteko arrazoi asko ditu Bakaikoak. Etorriko dira aukera gehiago.
Bakaikoa: “egindako txapelketarekin kontentu nago”
20 urteko aurrelari etxarriarra kontentu zegoen egindako lanarekin. “Axier atera da faborito. Ni zentratuta hasi naiz baina bera tiroa bezala hasi da: guztia ateratzen zitzaion ongi, oso ongi jokatu du eta alde handia atera dit. Baina kontrako 11 eta 2 horri buelta ematea lortu dut eta partida izugarri gogortu da. Tanto gogor batzuk bere aldera erori dira eta merezimendu osoz irabazi dit” azaldu zuen, umil, aurrelari etxarriarrak. Nabarmendu zuenez, “partida gogorra” izan zen. “Partida gogorra eta partida ona. Pilota zaleak gustura geratu dira, hori da inportanteena.
Egin beharreko esfortzu fisikoa eta mentala oso handia izan da. Baina sekulako giroa zegoen Labriten, eta ni eta Axier animatzera etorri diren pilota zaleei eskerrik beroenak eman nahi dizkiet. Giro ikusgarria zegoen eta horrela oso gustura jokatzen da. Batetik, triste nago galdu izanagatik baina hotzean pentsatuz, lehen urtea izateko kontentu nago egindako txapelketarekin eta finalarekin. Axi zoriondu nahi dut sekulako partida jokatu duelako eta orain, aurrera. Hobetzen jarraitzeko eta topera entrenatzeko gogo handiekin nago” gaineratu zuen Bakaikoak.