Altsasu eta Irurtzuni lekukoa hartuz, aurten Etxarri Aranatzek hartuko du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak antolatutako bizikleta festa. Horretarako, Etxarri Aranazko Udalaren Barranka Txirrindularitza Taldearen Berri Bikes eta Muruzabal bizikleta denden eta Sakanako ikastetxeen eta guraso elkarteen laguntza izan du Mank-ek.
Adin guztietarako antolatu dute bizikleta festa, baina 10 urtetik beherakoek nagusiek lagunduta parte hartu beharko dute. Besteak beste, iganderako 2 orduko bizikleta ibilaldia, auzatea eta kirol materialaren trukea eta herri jolasak eta bizikleta konpontzeko tailerra antolatu dira.
9 km-ko ibilaldi polita
Bizikleta ibilaldian ezingo da parte hartu izena eman gabe –aurretik, Mank-en (948 464 866)– eta mendiko bizikleta eta kaskoa eman beharko dira, derrigorrez. Martxa aurretik bizikleta doitzea aholkatzen du Mank-ek. Bestalde, partaideek ibilbidea jarraitu beharko dute momentu oro, segurtasunagatik.
Ibilbideari dagokionez, 9 km-ko buelta izango da. Etxarriko plazatik aterata, beheko aldetik Bakaikuko Guerra Hermanos fabrikara joango dira txirrindulariak. Han trenbidea pasa ondoren, Aritzalko atzekaldetik itzuliko dira, eta Zumurdiñeta industrialdetik sartuko dira Etxarrira.
Bizikleta festa. Igandean, Etxarri Aranatzen
9:30ean: Bizikleta ibilaldia. 2 orduko bizikleta ibilbide erraza. Bukaeran partaide guztien artean opariak zozketatuko dira.
11:30ean: Auzatea eta kirol materialaren trukea (patinak, raketak, bizikleta, patinetea, pala, baloiak, esku pilota, eskiak…)
12:00etan: Herri jolasak eta bizikleta konpontzeko tailerra.