Etxarri Aranatzen burutu zen, igandean, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak antolatutako bizikleta festa. Tartean, bizikleta ibilaldia, kirol materialaren trukea, herri jolasak eta bizikleta konpontzeko tailerra antolatu ziren.
Antolatzaileak oso kontentu daude parte-hartzearekin. “Oso oso ongi joan zen dena. Bizikleta ibilaldian 90 partaide inguruk hartu zuten parte, familiak, bereziki, eta Etxarriko paraje ederrak ezagutu genituen, Barranka Txirrindulari Taldeko kideek gidatuta. Bidean barna jolas bat egin genuen: hizkuntza desberdinetako mezuak hartu behar ziren kutxa batzuetatik eta bukaeran, mezu horiek nongoak ziren asmatu behar zen, munduko hizkuntzen taularen laguntzarekin. Oso dibertigarria izan zen” adierazi du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.
Auzate osasuntsua eta bizikleta konpontzeko tailerra
Behin Etxarrira iritsita, auzate osasuntsua izan zen: fruta freskoa, fruitu lehorrak, Irurtzungo emakume batek prestatutako marokoar erako pastak… Ohiko auzatea ez izatea baloratu zuten parte-hartzaileek. Ondoren, pirrinkela edo pirrinkatearekin jolasteko aukera izan zuten bildutakoek eta, Muruzabaleko Joxiren eta Berribikeseko Joakinen eskutik bizikleta konpontzeko tailerrean parte hartzeko aukera izan zen. Horretaz gain, kirol materiala trukatzeko aukera egon zen eta marrazki eta euskarazko ipuinen txokoa ere zabalik egon zen.