Andra Mari ikastolaren IV. Binakako Lasterketa-Naparpellet Saria jokatu zen larunbat arratsaldean Etxarri Aranatzen. Kategoria edo adin ezberdinak kontuan hartuta, guztira 5 lasterketa jokatu ziren. Haur bakoitzak heldu batekin parte hartu zuen, eta Lehen Hezkuntzako 5. mailatik gorakoek, aldiz, euren artean bikotea osatuta aritu ziren. Kategoria guztiak kontuan hartuta 250 partaide inguru izan zituen ikastolako proba ez lehiakorrak. “Giro ederra izaten da, gurasoak umeekin elkarrekin korrika ibiltzeak giro berezia sortzen du” nabarmendu du ikastolako guraso Amaia Gerrikagoitiak, aldi berean Mank-eko kirol teknikaria denak.
Aurtengo nobedade nagusia txikienendako, 2 eta 4 urte bitartekoendako Molto Lasterketa izan zen, motor lasterketa. Txikienek euren motoekin 100 m-ko ibilbidea osatu zuten. “Oso polita izan zen” gaineratu du Gerrikagoitiak. Etxarriko lasterketa hau ez lehiakorra da, ez dira denborak hartzen eta ez dira txapeldunak saritzen. “Aurretik norbait bizikletan doa, erritmoa kontrolatzeko eta gehiegi ez azkartzeko, ez baita proba lehiakorra. Helburua guztiek ibilbidea osatzea da” dio Andra Mari ikastolako gurasoak.
Bizikletaren erabilpenaren sustapena
Nagusienen proban Etxarriko plazatik Andra Mari ikastola berrira joan behar zuten eta bertatik plazara buelta. Porra bat egin zuten ikasleen artean: herritik ikastolara dagoen distantzia zenbat zen esan eta bizikletan zenbat denbora kostatzen den kalkulatzea. “Helburua, herritik ikastolara bizikletan joatea sustatzea da. Porrako irabazleak Ezkurdiaren kamiseta eraman zuen opari. Horretaz gain, helduenen partaidetza sustatzeko zortzinaka apuntatzen zirenen artean Urbasa Abenturarako sarrerak zozketatu genituen” aipatu digute. Bukaeran, gurasoak ikasleen kontra lehiatu ziren sokatiran eta jaia borobiltzeko auzatea egon zen. Lasterketa ikastolan martxan jarri den eskola jazarpenaren aurkako KIVA proiektuarekin lotu nahi izan zuten eta askok KIVAko koloreekin jantzi ziren: berdez, urdinez, horiz edo gorriz.