Gaztetxearen 10 kandelak

Guaixe 2017ko eka. 2a, 11:17

Sakanako gazte asanblada zaharrenetariko bat izanen da Etxarri Aranazkoa, baina herriko gaztetxeak hamarkada bakarra du. Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak (EGA) bere egoitzaren urteurrena ospatzeko Hamar urte, hamaika eitteko lelopean egitarau zabala antolatu du martxotik. Ospakizunak biharko Euskal Festarekin despedituko dira.

Etxarriko gaztetxea 2007ko garagarrilaren 9an mustu zen. Aurretik udal langileen tresneria biltegia eta aldagelak hartu zituzten. Haiek guztiak Zumurdiñeta industrialdera lekualdatu ziren 2006ko garilaren 22an eta egun horretan bertan EGAko kideak sartu ziren, gertu ziren festetarako egoitza txukun utzi asmoz. Haiek pasa ondoren etorri zen lokalaren egokitzapena. Ideia lehiaketan 30 egitasmo jaso ziren, baina batek berak ere asebetetzen ez zituztenez, ideia onenekin osatu zuten proiektua. Auzolanean barra, eszena, sukalde-biltegia, komunak eta bi gela egin zituzten. Egungoa ez da Etxarrik izan duen lehen gaztetxea, 1996ko martxoaren 9an Circuloa zena okupatu zuten gazteek, teilatua erori arte iraun zuena.

Egitaraua
10:00etan Herri mugimenduben azoka.
11:00etan Dux-i omenaldia.
12:00etan Erraldoien aurkezpena eta txotx auzatie.
12:00etan Auzuen herri kirolak.
15:00etan Bazkaye.
17:30ean Elektro txaranga.
20:00etan Ekitaldiye.
23:00etan Altxatu eta Zopilotes Txirriaos.