Estalopetik etxarriarrei begira. Hala egon ziren larunbat eguerdian lau erraldoi berriak. Haiek ikustera makina bat etxarriar hurbildu ziren, heldu eta haur. Azken horiek gutxi behar izan zuten gogoko zuten erraldoia zein zen : niri Kixkimau gustatzen zait; ba niri, Txinerratso…
Erraldoiak festetan mustu nahi dira eta horretarako konpartsa osatu beharra dago. Dagoeneko bosten bat animatu dira baina jende gehiago behar dira egiteko horretarako.
Hain zuzen ere dei hori egin zuen erraldoiak egiten aritu den Txaro Garziandia. Paola eta Florencia Ferrariekin lanean aritu dena. Lan prozesuari eta jantziei buruzko argibideak eman zituzten bai Txarok bai Paolak. Erraldoien aurkezpenean Jose Luis Erdoziak bakoitzaren izenaren eta historiaren inguruko azalpenak eman eta berezitasuna
BELTZA ZURIA
XIII. mendeko Etxarriko emakume dotorea. Beraxkoren andrea.
Azalpen historikoa
Testu zahar hau XIII. mendearen erdialdekoa da, 1257koa seguru asko eta Irantzuko Liburu “Rubro”-tik atera dugu. Berez, dokumentu horrek ondorengo izenburua dauka: “Libro de las peytas et coylaços del monasterio de Yrançu”.Irantzuko Monasterioko garaiko zerga liburua izanen genuke beraz, zeinek eta zenbat ordaindu behar zion monasterioari jasotzen zuena.
Eta ordaindu behar zutenen artean, oraindik herria ez bazen ere (herria izan baino lehen Etxarri izeneko dorretxea zegoen elizarekin batera), Etxarriko Beraxko eta Beltza Zuria senar-emazteen seme(-alab)ak, liburuko 28. orriaren aurkian, 64. atala osatuz ageri dira aipaturik.
Antso VII.a hil 1234an eta errege-etxea aldatu zen Nafarroako Erresuman Champagne-koak sartuz eta horietako bigarrenaren garaian, Teobaldo II.arenean, kokatzen da dokumentua.
Hauxe da, orain arte behintzat dakigula, etxarriar baten lehen aipamena dokumentu zaharretan eta, gainera, emakumezkoa eta gizonezkoa aipatzen dira bertan.
Izenaren berezitasuna
Bestalde, izen bereziak dira biak ala biak. Batetik, Beltza Zuria, antonimoekin eraikitako izena, eta ez dugu uste soilik itxurari, horri ere bai seguruenik, erreparatuko ziotenik izena jartzerakoan. Beltza eta Zuria, baterako zein besterako, bai onerako bai txarrerako, goxotasunerako nola larritasunerako, ahuntzetarako eta arditarako… Hitz batean laburbildurik, edozertarako baliagarri, mendeetan eta mendeetan gure lurraldeko emakumeei egokitu zaien zeregina islatuz.
Eta, bestetik, Beraxko, izen eratorria, “beratz” (biatz etxarrieran) eta “-xko” atzizki txikigarria. Biazkillo esanen genuke egungo etxarrieran. Eta kasu honetan ere, ez zen seguruenik soilik itxura aldetik ezarritako izena izanen. Abizen moduan, gaur egun, Belasko/Velasco bezala ageri zaigu.
Eta honengatik guztiagatik, iruditu zaigu egoki bi pertsonaia etxarriar hauen izenak erabiltzea gure erraldoiak berritu ditugun honetan.
J.L. Erdozia
Jantziak eta karakterizazioa
Etxarriko jantzi tradizional dotorea darama soinean, gaur egun Etxarri Aranazko abesbatzako kideek jartzen dutenaren modura.
Beltza Zuriak Jaka granatea du, eta gona berezia darama: bikoitza, burutik behera kapa moduan erabiltzeko. Antzinako bitxiak ditu jarriak: belarritako dotoreak, eta lepoan brotxe edo kameu (“camafeo”) klasikoa.
Aurpegi fina du, eta bere izenean bezala, azaleko zuritasunaren eta ileko beztasunaren kontrastea nabari da.
BERAXKO
XIII. mendeko Etxarriko gizon dotorea. Beltza Zuriaren senarra.
Azalpen historikoa
Testu zahar hau XIII. mendearen erdialdekoa da, 1257koa seguru asko eta Irantzuko Liburu “Rubro”-tik atera dugu. Berez, dokumentu horrek ondorengo izenburua dauka: “Libro de las peytas et coylaços del monasterio de Yrançu”.
Irantzuko Monasterioko garaiko zerga liburua izanen genuke beraz, zeinek eta zenbat ordaindu behar zion monasterioari jasotzen zuena.
Eta ordaindu behar zutenen artean, oraindik herria ez bazen ere (herria izan baino lehen Etxarri izeneko dorretxea zegoen elizarekin batera), Etxarriko Beraxko eta Beltza Zuria senar-emazteen seme(-alab)ak, liburuko 28. orriaren aurkian, 64. atala osatuz ageri dira aipaturik.
Antso VII.a hil 1234an eta errege-etxea aldatu zen Nafarroako Erresuman Champagne-koak sartuz eta horietako bigarrenaren garaian, Teobaldo II.arenean, kokatzen da dokumentua.
Hauxe da, orain arte behintzat dakigula, etxarriar baten lehen aipamena dokumentu zaharretan eta, gainera, emakumezkoa eta gizonezkoa aipatzen dira bertan.
Izenaren berezitasuna
Bestalde, izen bereziak dira biak ala biak. Batetik, Beltza Zuria, antonimoekin eraikitako izena, eta ez dugu uste soilik itxurari, horri ere bai seguruenik, erreparatuko ziotenik izena jartzerakoan. Beltza eta Zuria, baterako zein besterako, bai onerako bai txarrerako, goxotasunerako nola larritasunerako, ahuntzetarako eta arditarako… Hitz batean laburbildurik, edozertarako baliagarri, mendeetan eta mendeetan gure lurraldeko emakumeei egokitu zaien zeregina islatuz.
Eta, bestetik, Beraxko, izen eratorria, “beratz” (biatz etxarrieran) eta “-xko” atzizki txikigarria. Biazkillo esanen genuke egungo etxarrieran. Eta kasu honetan ere, ez zen seguruenik soilik itxura aldetik ezarritako izena izanen. Abizen moduan, gaur egun, Belasko/Velasco bezala ageri zaigu.
Eta honengatik guztiagatik, iruditu zaigu egoki bi pertsonaia etxarriar hauen izenak erabiltzea gure erraldoiak berritu ditugun honetan.
J.L. Erdozia
Jantziak eta karakterizazioa
Sasoi handiko gizona da, aurpegi finekoa eta planta ederrekoa.
Etxarriko jantzi tradizional dotorea darama soinean, gaur egun Etxarri Aranazko abesbatzako kideek jartzen dutenaren modura.
Beraxkok lihozko atorra du, txaleko granatea, eta artilezko txapela. Eskuan, zergak ordaintzera joateko antzinako pergaminoa dauka.
KIXKIMAU
Kixkimau (Pintto) Etxarriko ihaulterietako pertsonaia, aurpegia ikatzez beztua duena. Zakuzko jantzia, lastoz betea, eta ttuntturroa buruan duela.
Inauterietako pertsonaia
Argi dago, orduan, inauterietako pertsonaia izan dela Kixkimau, edo Kixkimau pinto. Gorputz osoa, burua eta guzti, estaltzen zion zaku oihalez egindakoa zen mozorroa, eta oihal horren barnea, gorputzaren itxura ere ez nabaritzeko, belarrez puztuta zeukan. Aurpegia, berriz, arnasa eta elikadura ez oztopatzeko, libre zihoan, baina errautsez edo ikatzez belzturik. Hortik, seguru asko, izenondo moduan erabili izana, erabat haserre, erreta, dagoenari egokitzeko.
Ez dakigu noiz sortu zen, baina ukaezina da oso egokia zela inork ez ezagutzeko horrela mozorroturik zebilena eta arrazoi erlijiosoez gain, zalantzarik gabe, ezaugarri honek ere lagundu zuen frankismoaren garai guztian debekaturik izateko inauteriak, oso aukera paregabea izan baitzezakeen edozeinek gerra eta gerraondoko zenbait basakeria-egileren batekin mendekua hartzeko.
Kixkimau pintto gure imajinario kolektiboa
Zenbait etxarriarren oroimenean soilik dokumentazioan agertzen den konparaziozko esaldiko esamolde moduan gelditu da: Kixkimaube beño errio! (Kixkimaua baino erreago!). Itxura Lantz herriko inauterietako Ziripot pertsonaiarena izanen luke, eta ez dugu ahaztu behar hau inauteri azken egunean erre egiten dutela.
Bestalde, ausartuko ginateke esatera bere osagaiak Kixk(al)i eta mau izan daitezkeela, lehenak “erabat erre” adieraziz eta, bigarrenak, berriz, beldurra sortzeko izpiritu edo arimek, dagoeneko gizatiarrak ez diren izakiek, erabiliko luketen soinua, Maaaau! Eta Pintto, aldiz, aurpegiko itxuratik etorriko zaio, seguru asko, ikatzez edo errautsez “apainduta” baitago gure inauteetako pertsonaia.
J.L. Erdozia
Janzkera eta karakterizazioa
Esan bezala, gorputz osoa, burua eta guzti, estaltzen zion zaku oihalez egindakoa zen mozorroa, eta oihal horren barnea, gorputzaren itxura ere ez nabaritzeko, belarrez puztuta dauka. Aurpegia, berriz, arnasa eta elikadura ez oztopatzeko, libre zihoan, baina errautsez edo ikatzez bezturik.
Honaino, Kixkimau tradizionala, eta gaurtik aurrera beste osagai batekin lagundurik agertzen da, duela urte gutxi arte kintoek erabiltzen zuten “Ttuntturro” -a buru gainean duela. “Ttuntturro” horrek kartoizko egitura koniko luzexka du eta kartoia estaltzeko kolore askotako papertxo tirak harilkaturik erabiltzen dira bertan itsatsirik. Bestetik, eskuan makila ere badu, beharrezkoa bada parean daukana zirikatzeko. Kontuz! Ez dadila asko haserretu!
TXIÑERRATSO
Etxarriko imajinario kolektiboko sorgina. Izua eragin lezake, baina Beheko Basoko atso jakintsua dugu, naturarekin bat egina dagoen izpiritu onuragarria.
Txiñerratso gure imajinario kolektiboan
XX. mende erdialderaino iritsi den pertsonaia da Txiñerratso Etxarri Aranazko zenbait etxetako erabileran. Sorgina, arima edo izpiritua ere adierazten omen zuen eta badirudi, erabili zutenen artean, azken boladan, haurrak behin ilunduta etxetik kanpo ez egoteko erabiltzen zutela. Kalean gauez egoten ziren haurrek, nonbait, arriskua zuten Txiñerratso agertu eta berarekin eramateko.
Kristau erlijioaren eraginez bereziki, sorgin hitzarekin maiz gertatu den moduan, zentzu peioratiboa eta izaera gaiztoa eman zaio pertsonaia honi.
Txiñerratso sorginaren istorioak
Ezagunak dira, gaur egun oraindik ere Etxarriko zenbait etxetan, joan zen mendean kontatzen ziren istorioak, zeinetan Txiñerratso zen protagonista, hegan batetik bestera, gaua kanpoan pasatzea egokitzen zitzaion jendearen buruaren ingurutik, honen hegaldien soinua baino ezer gehiago identifikatu ezin bazuten ere.
Horietako beste batean, kontatzen dute Txiñermuno toponimoaren inguruan, gaua pasatzea tokatu zitzaion bati, tokia egokitzen ari zela, ilun-iluna dagoeneko, bizkarrean zerbaiten edo norbaiten ukitua nabaritu zuela eta, beldurraren beldurrez, ezertxo ere mugitu gabe, hantxe gelditu zela argitu zuen arte. Eta argitu bezain laster, buruari atzera eragin eta zer ikusi eta… lar bat itsatsita bizkar gainean. Nolakoa zen urte horietan sorgin, izpiritu, arima edo hezur-haragizkoak ez ziren “izaki” horien erabileraren adierazle.
Guren sorgin onuragarriak
Baina sorginei ere, gizatalde frankotan eta beste garai batzuetan, komunitatearen aldeko eginkizun onuragarriak aitortzen zitzaizkien. Sendabelarren ezagutza eta erabilera, esate baterako. Eta guk ere, gauza bera egin nahi izan dugu Txiñerratso-rekin, Etxarriko erraldoietako baten izena eta gorpuzkera ematerakoan, Etxarri Aranatz herriaren memoria berarekin irudikatu nahi izan dugu, txiñer-a (arima, izpiritua edo dena delakoa) eta atso-a (emakume zaharra eta jakintsua).
Horiek dira, zalantzarik gabe gure pertsonaiaren izenaren osagaiak eta, gainera, lehenari dagokionez behintzat, ez dugu beste inon izen bera aurkitu.eta herriko toponimian agertzen da XVIII. mendetik hasita gutxienez, dokumentazioan ikus daitekeen bezala. Etxarriko pertsonaia izateko arrazoi nahikoa, beraz.
J.L.Erdozia
Janzkera eta karakterizazioa:
Txiñerratso basoko atso jakintsua da, eta antzinako soinekoaren gainetik oihal harro, arin eta gardenak ditu, pertsonaiaren sorginkeria eta arima irudikatzeko.
Basoko atso jakintsu denez, buruan zare bat darama, Beheko Basoko uzta preziatuaz betea. Lehengo etxarriarren modura, zarea buruan egokitzeko eta gauzak garraiatzeko “burkiñe” darama.
Onttoak, ixtorra eta sendabelar onuragarriak daramatza. Baina kontuz! Amanita muskaria pozointsua ere hartu du bere hedabe sorginduak egiteko…