Etxarriarrek San Kiriko ospatuko dute asteartean. Eguerdian meza izanen da eta hura despedituta, eliza atetik herriko soroak bedeinkatuko dira, uzta ona emateko eskatuz. Garai batean Santa Kitz alderainoko prozesioa egiten omen zen, bedeinkapena handik egiteko. Arratsaldean etxajua noiz lehertuko zain egonen dira kultur koadrilak, leherketa baita mahaira eseri eta afari-merendua hasteko. Andra Mari ermitaren inguruan elkartutako etxarriarrak jaso eta eraikinaren aurrera pasako dira, Dantzakia dantzatzera. Hura despeditzean, kalejiran plazara jaitsiko dira. Oharkabe taldearen ardura izanen da dantzaldia eskaintzea, 20:00etatik 21:00etara eta 22:30etik 2:00etara. Eguraldiak laguntzen badu ermitaren inguruan hitz eta putz edo kantari geldituko da talderen bat.