Aitor Zubietak prentsaurrekoa zuen deituta gaur eguerdirako Iruñeko Tres Reyes Hotelean. Bermeon lesionatu zen, 2015ean. Ebakuntza egin zioten baina atzelari etxarriarrak ez ditu belauneko arazoak gainditzen. Horregatik pilota profesionala uzteko erabakia hartu du. Gaur eman du erabakiaren berri, Aspeko kudeatzaile Fernando Vidarte alboan zuela, erabat hunkituta. “Saiatu naiz lesioari buelta ematen, osatzen, baina medikuntzak mugak ditu eta nire belauna ez dago ondo” azaldu du.
Pilotariak azaldu duenez, pilotan jokatzeari utzi bai, baina ez da pilotalekuetatik aparte arituko. “Pilotaria beti izango da pilotari, eta ni beti ibiliko naiz frontoien inguruan” nabarmendu du. Eta eskerrak eman dizkie senideei eta lagunei: “Ni pilotaria banaiz, haiengatik izan da” nabarmendu du.