350 korrikalari Triku Trail mendi lasterketan

Guaixe 2017ko eka. 23a, 15:04

Argazkia: Festak.

Igandean jokatuko da, 9:30etik aurrera, Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuta. 21 km eta 1.400 m-ko desnibel positiboa duen proba da, eta bertan aritzeko dortsalak agortuta daude

Triku Trail Kirol Taldeak dena prest dauka igandean Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuko den IV. Triku Trailerako. Proba antolatzeko hainbat babesleren laguntza izan du taldeak, Etxarriko Kanpina, Etxarri Aranazko Udala, Xalok, Sakana Fundizioa, Nafarroako Mendi Federazioa eta Lete-Coviran, beste hainbat komertzioren artean. 21 kilometroko proba da, 1.400 metroko desnibel positiboa duena, paraje zoragarrian barna. Aurten ez da Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako eta Euskadiko Koparako puntuagarria izango.

Harizti, pagadi eta trikuharrietatik barna
Ez gara errepikatzeaz nekatuko: harizti, pagadi eta trikuharrietatik barna ibiliko da Triku Trail, paraje zoragarrian. Lasterketa Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuko da 9:30ean. Etxarri Aranazko Trikuharrien ibilbidea da lasterketaren oinarria, luzatuta. Proba zorrotza da, baina ezberdina. Izan ere, Trikutraila gehienbat basoan garatzen da. Kanpinetik abiatuta, hariztien ibilbidetik haritz eta pago artean ia estalita ibiliko dira korrikalariak, itzalpean. Aurrerago, Maitzegurretik pasatuko dira korrikalariak, eta segidan Auntzetxetik. Ibilbidean aurrera eginez, Axioren putzua pasatu ondoren Lizarrustira helduko dira. Ondoren Txaradigorri trikuharrira joko dute. Horixe izango da eremurik gogorrena. Hortik Hirumugeta igoko dute, Otxentara jaitsi eta Fagamendi igotzeko. Handik haritz zaharren ibilbide zoragarritik jaitsiko dira, eta Etxarriko kanpineko helmugan despedituko da proba.

Triku Trail taldean mendi lasterketetan aritzen diren etxarriarrak biltzen dira eta hain zuzen ere Etxarriko beheko basoan sarritan ibiltzen dira entrenatzen. Horrela bururatu zitzaien Triku Trail mendi lasterketa antolatzea, euren entrenamendu tokia paraje zoragarria delako. “Sekulako basoa dugu, korrika egiteko espeziala. Gorabeheratsua da, malda gogorrak ditu, suabeagoak… ibilbide zoragarria da, gogortasun handia ematen dio probari eta jendeari gustatu zaio. Horregatik mantentzen dugu ibilbidea” diote antolatzaileek.

Aurreko urtean Triku Trail Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako eta Euskal Herriko Koparako baliagarria zen eta puntako korrikalariak aritu ziren. Proban debutatu zuen Walther Becerrak (1:42:58) eta Virginia Perez (2:07:08) izan ziren txapeldunak, biek ere errekorra apurtuz. Joxeja Maiza eta Maria Goikoetxea etxarriarrak izan ziren lehen sakandarrak. Iganderako 26 graduko tenperatura iragarri dute, ekaitzen arriskuarekin eta beroa izango da korrikalarien arerioetako bat. Kanpinean eta probako inguruetan giro oso polita sortzen da eta eta proba jarraitzera gerturatzeko deia egin du antolakuntzak.

Dortsalak, agortuta
Probak 350 parte-hartzaileren muga dauka eta dagoeneko ez da dortsalik geratzen. Antolakuntzak ez du muga zabaldu nahi, korrikalariei behar bezalako zerbitzua eskaintzeko, bestela, kalitatean galduko zelako. Korrikalariak zaindu nahi dituzte, zerbitzuekin eta lasterketarekin gustura geratu daitezen. Proba antolatzeko makina bat boluntario ariko dira lanean.

Sariak, opariak eta auzatea
Antolatzaileek 1.200 euro banatuko dituzte sarietan. Lehendabiziko gizonak eta emakumezkoak txapela, trofeoa eta 300 euro jasoko dituzte, bigarrenek 200 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. Lehen beteranoendako, lehen sakandarrendako eta etxarriarrendako ere trofeoak izanen dira. Horretaz gain, korrikalari guztiek opari poltsa jasoko dute eta proba ondoren auzate ederra egonen da proba jarraitzera hurbiltzen diren guztiondako.

Trikutxikia
Azken bi urteetan bezala, igandean etxeko txikienendako Trikutxiki proba ez lehiakorra antolatuko dute, neska-mutikoek ongi pasatzeko helburuarekin. Goizeko 9:45ean abiatuko da, Etxarriko kanpinaren inguruetan, korrikalariak proba nagusian dauden bitartean. Izan ere, korrikalari asko familiarekin etortzen dira eta etxeko txikienekin distantzia sinbolikoa duen probatxoa egitea polita irudizen zaie Triku Trailekoei. Izena igandean bertan eman beharko da eta bertan aritzera animatu dituzte gaztetxoak.

trikutrail.wordpress.com
Probako informazio guztia, ibilbideen tracka barne. Facebookean ere (Trikutrail).