IV. Triku Trail Mendi Lasterketa jokatu zen igandean Etxarri Aranatzen. Triku Trail Kirol Taldeak antolatu zuen lasterketa, Etxarriko Kanpina, Etxarri Aranazko Udala, Xalok, Sakana Fundizioa, Nafarroako Mendi Federazioa eta Lete-Coviran, beste hainbat komertzioren babesarekin.
Aurten probak ez zuen Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako eta Euskadiko Koparako puntuatzen baina goizeko lehen orduetarako Etxarri Aranazko Kanpina korrikalariz betetzen hasi zen, antolakuntzak zehaztutako 350 inskripzioak aurretik beteak baitzeuden. Korrikalariek, 21 km-ko proba zuten aurrez aurre, 1.400 metroko desnibel positiboararekin. Aurreko egunen berotzarraren ondotik, korrika egiteko egun polita izan zuten parte-hartzaileek.
Paraje bikainetatik barna jokatu zen Triku Traila eta zuzenean jarraitzeko proba ikusgarria izan zen. Etxarriko kanpinetik abiatuta, hariztien ibilbidetik haritz eta pago artean ibili ziren korrikalariak, Maitzegurretik pasatu eta Auntzetxera iritsiz. Ibilbidean aurrera, Axioren putzua pasatu eta gero, Lizarrustira iritsi ziren, Txaradigorri trikuharrira jotzeko. Hortik Hirumugeta igo zuten, Otxenta jaitsi eta Fagamendi igo. Eta haritz zaharren ibilbidetik jaitsiz, Etxarriko Kanpineko helmugara iritsi ziren. Ibilbidean barna ikusleen txaloak jaso zituzten korrikalariek.
Errekorrik gabe
Ander Iñarrak, Xabier Maciasek eta Juango Igarzabalek lehia estua izan zuten aurreneko postuetan. Azkenean Iñarra lezotarra izan zen txapelduna (1:43:42), Macias iruindarrari ia minutu bat aterata (1:44:31). Juanjo Igarzabalek osatu zuen podiuma (1:47:30). Emakumezkoetan, berriz, Maite Etxezarreta azpeitiarrak ez zuen areriorik izan eta merezimendu osoz irabazi zuen (2:10:12), Laida Elizegi zaldibiarrari 5 minutu pasa ateraz (2:15:18). Galarko Izaskun Sanz hirugarrena sailkatu zen (2:18:15). Iñarrak eta Etxezarretak ez zuten iaz Walter Becerrak (1:42:58) eta Virginia Perezek (2:07:08) ezarritako errekorra gainditzerik izan.
43 sakandar
Nabarmentzekoa da sakandar askok parte hartu zutela aurtengo Triku Trailean. 43 iritsi ziren helmugara, guztira. Azkarrenak helmugara 8.a iritsi zen Aritz Munarriz etxarriarra (1:52:20) eta helmugara 169.a sartu zen Erkuden San Martin izan ziren, emakumezkoetan 7.a .
Bukaeran sari ematea izan zen eta auzate ederraz gozatu zuten korrikalariek. Horretaz gain, korrikalari bakoitzak kamiseta eta opari poltsa jaso zituen. Guztia behar bezala antolatzeko 100 boluntario inguru aritu ziren lanean eta antolakuntza bikaina izan zen, beste behin. Aipatzekoa da ere helduek proba hasi eta ordu laurdenera Trikutxikia izan zela, txikienekin batera osatzeko proba ez lehiakorra.
Sakandarrak IV. Triku Trailean
Gizonak:
1. Ander Iñarra (Lezo) 1:43:42
8. Aritz Munarriz (Etx) 1:52:20
12. Aritz Ganboa (Arru) 1:55:44
14. Mikel Rubio (Irur) 1:56:33
16. Joxeja Maiza (Etx) 1:58:34
26. Felix Benjumea (Alts) 2:01:06
29. Ander Unzurrunzaga I. (Etx)2:02:18
36. Juan Larrea (Alts) 2:04:52
40. Mikel Astiz (Ihabar) 2:05:59
42. Ander Unzurrunzaga G. (Etx) 2:06:22
45. David Mutiloa (Irur) 2:06:46
52. Migel A. Asurabarrena (Lak) 2:08:16
54. Iker Flores (Urd) 2:08:44
57. Patxi Cano (Alts) 2:09:30
73. Fran Araña (Arb) 2:11:57
75. Xuban Mendiola (Etx) 2:12:11
82. Igor Artieda (Etx) 2:14:10
84. Juan Mariñelarena (Etx) 2:14:27
98. Alberto Mtz. De Lagran (Alts) 2:18:24
102. Kaxi Estarriaga (Etx) 2:19:52
107. Carlos Mañeru (Etx) 2:21:25
117. Izai Mauleon (Etx) 2:23:25
135. Ibai Arrese (Etx) 2:27:30
140. Raul Moro (Etx) 2:29:28
149. Ibon Ubeda (Etx) 2:30:57
157. Asier Lopez (Itur) 2:31:32
159. Ekhi Congil (Etx) 2:31:48
163. Iñigo Aldunate (Lak) 2:33:05
181. Fermin Zornoza (Olaz) 2:37:18
183. Xabier Martinez (Alts) 2:38:05
185. Jose Leitza (Arb) 2:39:02
186. Xabier Urrestarazu (Etx) 2:39:08
193. Unai Urrestarazu (Etx) 2:40:19
212. Xabier Etxeberria (Etx) 2:44:03
223. Juanjo Iriarte (Etx) 2:46:58
224. Aitor Esnal (Alts) 2:46:58
240. Aitor Salinas (Etx) 2:51:02
258. Fco. Jose Juango (Irur) 3:06:28
259. Guillermo Juango (Irur) 3:06:28
261. Luis Barandalla (Etx) 3:10:01
267. Hodei Lakuntza (Etx) 3:17:52
Emakumeak:
60. Maite Etxezarreta (Azpeitia) 2:10:12
169. Erkuden San Martin (Etx) 2:34:37
202. Leire Palacios (Alts) 2:41:27
225. Maria Goikoetxea (Etx) 2:47:09