Aurreneko harria jarri zela urtebete pasa eta gero, Enneco, haritzaren memoria basoak ateak zabalduko ditu. Etxarriko Basopokale eta Danbolintxulo dermioen artean kokatuta, Vasconia-Nafarroako Erreinua berreskuratu eta ezagutaraztea helburu duen proiektu da Enneco, auzolanean egiten ari dena. Proiektua zabaldu eta ezagutarazteko helburuarekin Ennecok ateak irekiko ditu jendearendako.
60.000 metro karratuko harizti ederrean ibilbide naturalistiko bat dago, basoko landare espezie desberdinek duten funtzioa azaltzen duena. Aldi berean, parkean eraikiko diren txoko eta eraikinei buruzko panel informatiboak jarri dituzte. Horiek Martin Alzueta “Martintxo” marrazkilariaren ilustrazioekin osaturik daude. Haietan mitologia, ikazkinak eta Erdi Aroko dorrea eta besteren berri ematen da, “Enneco Vasconia-Nafarroako
Erreinuaren historian murgiltzeko parada egokia bihurtuz”.
Gainera, Nestor Basterretxea eskultore eta margolariaren memoria gunea jarri dute. “Bere bizitzako azken urteetan proiektuaren bultzatzaile sutsua izan zen eta buru-belarri ibili zen”. Gune horretan, bere hitzak biltzen zituen panela eta baita proiektuaren finantziazioan laguntzeko sortu zuen Enneco eskulturaren erreferentzia daude. Ennecoko lagun izateko informazioa ere jaso daiteke han.
Nazioarteko boluntarioak
Astelehenetik garilaren 17ra arte atzerriko gazteak boluntario gisa lanera etorriko dira. DeAmicita gobernuz kanpoko erakundearen bidez memoriaren parkean lan eginen duten bigarren urtea izanen da. Frantzia, Alemania, Italia, Serbia, Estonia, Ukraina eta Mexikoko 17 gazte izanen dira lan kanpamentuan ariko direnak. Basoan lan egiteaz aparte, Sakanako harizti eta mendiez, Sanferminez eta Donostiaz disfrutatzeko aukera izanen dute. Etxarri Aranazko Udalak utzita, maisu-maistren etxe zaharrean egonen dira egonaldian zehar.