Etxarri Aranazko Sare herritarretik azaldu dutenez, abiarazi duten bide-sailarekin “egun presoei aplikatzen zaien salbuespenezko egoerak gizarteratu eta hori gure herrian salatzea du helburu. Hala ere, salaketa hutsean ez genuke geratu nahi; eskubide urraketa horiek herriko eta Sakana osoko sektore eta sentsibilitate desberdinen artean konpartitu eta landu nahi ditugu, komunean urraketa horiei aurre egiteko dinamikak eta lan ildoak proposatuz”.
Horregatik, herriko zazpi presoei ezartzen zaizkien “eskubide urraketa horien testigantza zuzenak bildu nahi ditugu. Euren senide eta lagunekin batera, eskubide urraketa horiek pairatzen dituztenak, haiek dira kartzela politika horren zuzeneko kaltetuak, haien testigantza da urraketa horien adierazlerik nabarmenena”.
Saileko aurreneko bideoan aitatasuna/amatasuna eta kartzela gaia landu dute. Juan Ramon Karasatorreren, Popiren, alabak Castellóko Albocasser espetxetik (450km) idatzitako gutuna jaso du. Haren bidez, euskal presoen seme-alaba diren mila bat adin txikikoen egoera azaltzen dute. Preso dagoen senidea ikusteko, kasurik onenetan, 800 km-ko bidaia egin eta, kasurik gehien-gehienetan, 1500 eta 2200 km arteko bidaiak egin behar dituztenak. “Haur horietako askok egoera horretan eman dute beren haurtzaro guztia. Beste askok, beren nerabezaroa ere bai”.
Haurtzarotik nerabezarora ematen den aldaketan “gurasoen maitasun, arreta eta kontaktua behar izaten dute, batez ere, interakzio zuzena eta kontaktu fisiko zein emozionala”. Saretik diote “nerabezaroan araudi guztiek oinarrizko interakzio zuzenak eta kontaktu fisikoa galarazten” dutela, “garapen osasuntsurako ondorio negatiboak ekartzen ditu: baztertze edo abandonua sentitzen dute”. Egoera horrekin “gution artean” bukatu beharra dagoela salatu dute Saretik.
Bideo-lotura: https://www.youtube.com/watch?v=TzrdgW0IW5Q&feature=youtu.be