Ostiralean jokatuko da sanferminetako lau t´erdiko finala, Labriten, sanferminetako egun handian. Goizeko 11:30ean hasiko da jaialdia, eta belauneko arazoengatik berriki erretiroa hartu duen Aitor Zubieta atzelari etxarriar handiari omenaldia egingo diote Labriten, merezitakoa, zalantzarik gabe.
Pilotari nafarrendako Labrit pilotalekua beti da kuttuna; zer esanik ez sanferminetan. Bombonera txuri eta gorriz janzten denean giroa paregabea izaten da. Eta ez dago testuinguru bereziagorik omenaldia jasotzeko. Zalantzarik gabe, halako egunean omenaldia jasotzea handia izango da pilotari sakandarrarendako.
La Jaranak pilota utzi duten pilotariak gogoan
Aipatzekoa da igandean La Jarana peñak urteurrena ospatu zuela –75 urte baino gehiago dauzka– eta, tartean, Entzierroko Lasterketa antolatu zuela. La Jaranak omenaldia egin nahi izan zien berriki pilota utzi duten Aitor Zubietari eta Abel Barriolari eta beraiek izan ziren lasterketaren hasierako suziria bota zutenak. Horretaz gain, La Jaranako Bomboaren Saria Juan Martinez de Irujori eman zioten.