Han egin dituen egonaldietan hoteletan, etxeetan, lorezain lanetan, landareak saltzen zituen zentro batean, hiriaren inguruko basoak garbitzen… lan egin du. "Londresko kaka guztia garbitzea" tokatu zaio Silvestre Goikoetxea Ortiz de Zarateri. Aurreko hilean, atzera ere, Londresen izan zen, amak lagunduta. Hari egindako erretratu batek Galeria Nazionalean erakusteko aukera eman baitio. Garagarrilaren 22tik irailaren 24an han egonen da erakusketa eta ondoren Exetergo Albert Memorial Museumen, Edinburgheko Scottish National Galleryn eta Southerldanen izanen da, "eta ez dakit Ameriketara eramanen duten". Beretako "kristorena" da. Urte batean 200.000 pertsonak ikusiko dute.
Neguko larunbat batean ama ikusi eta "20 minututan marrazki batzuk eginen dizkizut" esan zion. Hurrengo egunetan, "bera erosketak egitera joatekoa zela, nik margotu egiten nuen. Bost egunetan egin nuen koadroa". Lana "munduko lehiaketa garrantzitsuenera, erretratugintzaren Oskarretara" aurkeztu zuen.
Margotzeko eraz
Goikoetxeak pintura figuratibo "pertsonala" egiten du. Abstrakzioarekin ez da eroso sentitzen. "Beste pertsona batzuek duten begiratzeko gaitasun hori, nik ez dut". Figuratiboa bai, baina argazkia izan gabe: "pinturak transmititu behar dizu. Ikusleak zuk transmititu nahi duzuna ikus dezala. Sentimenduen transmisioa interesatzen zait. Ez kopia egitea. Nork bere erregistroa bilatu behar du". Francis Bacon, Lucian Freud, Antonio Lopez, Miquel Barceloren zale dela aitortu digu.
Margotzerakoan olioa batez ere, arkatza, tenpera erabiltzen ditu eta "akuarela, izugarri gustatzen zait". Formatu txikiko lanak egiten ditu arrazoi praktiko batengatik: "erakusketa bat egin nahi badut, obra garraiatu behar dut eta horrek kostu handia du. Horrela eginda autoan eraman ditzaket".
Bere margolanak egurrean edo txapakumenean egiten ditu, "oihala baino gehiago gustatzen zait". Bernizaz edo zigilatzeko pinturaz prestatzen ditu egurrak. "Euskarri merkeagoa da eta egurrarekin lortzen den efektuak ez du oihalak. Egur gainean lan egiten zuten Errenazimenduko aurreneko margolariak asko gustatzen zaizkit". Londresen dagoen koadroa txapakumenean egina dago.
Egun
Estudioan hasitako hainbat koadro ditu. Haietako batzuk hainbat egur piezekin osatuak daude. Bat bukatua dagoela sentitzen duenean utzi egiten du, "ez zait itxuratia izatea gustatzen". Sentitzen duenaren arabera margotzen du. "Orain, adibidez, lore txiki asko egiten ari naiz". Paseatzera joaten denean loreak edo arrosak jasotzen ditu. Zirriborroak egiten ditu kalean. Gustatzen zaio. "Baina hemen lotsa pixka bat ematen dit". Gauza "xumeak, inguruan ditudanak" hartzen ditu modelotzat.
Paisaiak ere egiten ditu. Sakanari buruzko seriea egin nahiko luke. Beriain batzuk baditu, Bakaiku arratsean… Antonio Lopez margolari ezagunak esan dio "pertsonen figurarekin nabarmentzen zara, oso era berezian egiten duzu".
Aurretik Iruñeko Gotorlekuan eta Londresen erakusketa kolektibo banatan, Madrilen, Bartzelonan eta Iruñeko Retablo galerian erakutsi du bere obra. Bere lana erakutsiko duen galeriaren bila dabil orain. Aita ardatz duen saila erakutsi nahiko luke, "horrek merezi du". Hala ere, bilaketa pazientziaz hartu du eta lanean segitzen du.
Trebakuntzaz
Goikoetxeak esan digunez, "betidanik gustatu zait margotzea, baina honetan jardutea ez nuen sekula pentsatu". Txikitatik, "ongi" margotzen zuen, "baina gero ahaztu nuen". Bartzelonan zegoela enkarguak egin zizkioten. Batek oso ongi margotzen zuela eta Arte Ederrak ikastera animatu zuen. "Ez nion garrantzirik eman". Londresera joan eta hizkuntza jakin gabe denbora egin zuen. Etxe batera lanera sartu eta etxekoandreak pintura ikastaro batean izena ematera animatu zuen. "Bertakoekin ingelesez aritzeko topo eginen nuen zerbait nahi nuen eta horrela eman nuen izena Richmondgo arte eskolan". Ikasturtea egin zuen han, "lanetik atera eta astean hirutan bi orduz joaten nintzen".
Muralgintzaz
Etxarrira 25 urterekin bueltatu zen eta margotzen segitu zuen. Aterabide bat lortzeko dekorazio pintura proba batzuk egin zituen eta Iruñeko dekoratzaile bati aurkeztu zizkion (Ester Garmendiaren argazkiak). Hura Iruña fruta-denda egokitzen ari zen eta etxarriarrak bobeda margotzearen ardura izan zuen (Antxo Azkarra 52 etorbidearen atzeko partean). Herriko eskolan ere pintura eskolak eman zituen garai hartan. Han bi mural egin zituen; batek dirau.
Curriculumak bidaltzen hasi zen eta Madrilen zegoen Bartzelonako arkitekto batekin Casa Decor azokarako muralak egin zituen. Madrilen lan bat sortu zitzaion. Eta arkitektoak New Yorkera eraman zuen eta Greenwichen (Connecticut) palazio baten dantza aretoko pinturak zaharberritzen (kandelek ketutakoa kentzen eta kolorea pizten) bi urte eman zituen."NYtik 60 km-tara zegoen eta asteburuan hara joaten nintzen, dena ikusteko".
Londresera "pinturatik bizitzeko" asmoz bueltatu zen. "Baina benetan zaila da". Hirian bizirauteko denetariko lanak egin zituen, tartean 101 dalmata filmeko dekoratuak, talde lanean. Holland Park inguruan haurtzaindegi baten zaharberritzean peoi ari zela, nagusiarekin hitz egin eta sarreran mural bat egiteko aukera izan zuen. Hark beste mural batzuen enkarguak ekarri zizkion, baita Los Angelesen, Santa Monican, margotzeko ere. Handik Etxarrira buelta etorri eta muralgintza utzi zuen, bere lana dekorazio aldizkari onenetan argitaratu eta gero.
Aitaren gaitza, etxera
Alzheimerra zuen aita zaintzen ari zela, haren "gaixotasuna erretratatzea, aita nire modelo bihurtzea" otu zitzaion. Marrazkiak eta akuarelak. Juan Jose Akerretaren bidez jakin nuen Antonio Lopezek Nafarroako Unibertsitatean ikastaroak ematen zituela udan. Argazkiak eta curriculuma bidali nituen eta "nire harridurarako, aukeratu ninduen". Goikoetxeak bere aitaren inguruan egindako sailak "hunkitu" egin zuen.
"Ordutik nire bizitzak aldaketa izugarria izan du. Bost urtez aritu naiz berarekin. Erlazio berezia dut harekin". Lopezekin egindako margoren bat eskuratu zuen unibertsitateak.
Aukera izan zuen Lopezekin eta Jose Maria Mezquitarekin batera "Espainiako artista onenetariko bat", Complutense Unibertsitateko Francisco de Goya katedrari esker Avilan egoteko. Ordutik gauzak egiten segitu du.
Harremanetarako:
www.silvestregoikoetxea.com