1. Zer dakizue Etxarri Aranazko Erraldoien historiaren inguruan?
Etxarri Aranazko lehen erraldoiak Errege Katolikoen bikotea izan ziren. Hogeita bi urtez egon ginen erraldoi hauen konpartsan, gu bigarren belaunaldia izan ginen, aurretik Etxarriko adineko jendea ibili zen. Udalarekin harremanetan egon ginen erraldoi berri batzuk egiteko ideia proposatu baikenien, baina ez zen aurrera atera. Eta, urteen poderioz uztea erabaki genuen.
2. Nondik lortu zituzten lehen erraldoi horiek?
Bere garaian, lantegi batean egin zituzten erraldoi horiek. Hainbat modelo egiten zituzten herrietan saltzeko eta, Errege Katolikoak aukeratu zituzten Etxarri Aranatzera ekartzeko. Vicente Urmeneta, Basilio Arruabarrena eta Justo Jaka izan ziren hau dena martxan jarri zutenak. Aipatutako hiru hauek konpartsako lehen urteetan egon ziren. Urte batean gure koadrilari erraldoiekin aritzeko gonbidapena egin ziguten eta, harrezkeroztik, hogeita bi urte eman genituen.
3. Noiz erabaki zenuten uztea?
Ba gutxi gorabehera, 2000. urtean erabaki genuen uztea. Urte asko generamatzan konpartsan eta azkenean alde batera uztea erabaki genuen.
4. Nola sortu da erraldoi berriak egitearen ideia?
Etxarriko Udalak biltegi batean gordeta zituen erraldoiak eta urteekin zahartzen ari ziren. Batez ere udalaren egitasmoa izan da berreskuratzearen lana. Ondoren, jende desberdina gehitzen joan gara ekimen honetan, eta ikusten duzun moduan geroz eta jende kopuru handiagoa gaude. Konpartsako kide ohiak, gazteak, jende asko gerturatu zaigu eta oso pozik gaude erantzunarekin.
5. Zein dira erraldoi berriak?
Bi erraldoi guztiz berriak dira, eta beste biak egiteko, erraldoi zaharrak aprobetxatu eta birziklatu egin ditugu. Osotara festetan lau erraldoi aterako ditugu aurten. Zaharren buruak eta besoak erabili ditugu eta irudia berritu egin diegu.
6. Zer irudikatzen dute erraldoiek?
Beltza Zuria, XIII. mendeko Etxarriko emakume dotorea da, Beraxkoren andrea. Irantzuko monasterioko dokumentu batean ageri da bere izena. Beraxko, berriz, Etxarriko gizon dotorea dugu, Beltza Zuriaren senarra, XIII. mendekoa ere bai, eta senar-emazte hauek abesbatzako kideen jantziak daramatzate.
Txiñerratso, Etxarriko imajinario kolektiboko sorgina dugu, beldurra eragin lezake, baina beheko basoko emakume heldu jakintsua da. Eta bukatzeko, Kixkimau Pintto, Etxarriko inauterietako pertsonaia da, aurpegia ikatzez belztua, zakuzko jantzia lastoz beteta, eta ttuntturroa buruan dauka.
7. Zein dira birziklatu dituzuen erraldoiak?
Beltza Zuria eta Beraxko erraldoi zaharrekin egindakoak dira, burua eta besoak aprobetxatu ditugu lehenago esan dugun moduan. Eta berriak, aldiz, Txiñerratso eta Kixkimau Pintto ditugu. Hauek duela hilabete batzuk egindakoak dira, eta herritar batzuen lanari esker bukatzea lortu dugu.
8 .Noren artean egin dituzue erraldoiak?
Paola Ferrarik, Txaro Garziandiak eta Florencia Nilok egin dituzte, elkarlanean. Lehenengo udalarekin harremanetan egon ziren, materiala prestatzeko eta eginkizunak banatzeko eta ondoren, erraldoiak egiten hasi ziren. Erraldoiak egiten bost hilabete inguru egon dira, eta oso lan polita izan da. Jantziak eta erraldoiaren egitura dena eskuz egin dituzte.
9. Jende berri asko sartu da konpartsan, ezta?
Bai, hala da. Orain arte konpartsan ibili garenok uzteko asmoa dugu, baina beti egonen gara prest laguntzeko, dantzatzen ere ibiliko gara, eta irakasten nola ez. Aurten, gazte asko gerturatu dira eta haiek hartuko dute konpartsan lekukotza. Erraldoien arintasunari garrantzi handia eman diogu, izan ere, erraldoia eramanen dutenak emakumeak dira gehienbat eta, horregatik, pisuaren kontua azpimarragarria izan da. Edozeinek eramateko modukoa egin nahi genuen.
10. Zein pisu daukate?
Uste genuena baino txikiagoa; beraz, pozik gaude emaitzarekin. Pisu handiena daukan erraldoiak 31 kilo dauzka eta besteek zertxobait gutxiago. Oso arinak dira, eta eramateko errazak. Astean behin entseguak egiten ditugu, eta oso erosoak dira.
11. Noiz izanen duzue estreinaldia?
Etxarriko festetako larunbatean aterako gara lehen aldiz. Printzipioz hori da antolatu dugun eguna, Udalak beste egunen batean ateratzeko proposamena egin digu, baina oraindik ez dugu erabaki. Horretaz gain, larunbatean erraldoi zaharren inguruko erakusketa bat egonen da udaletxean.