Etxarri Aranazko festetan, laugarren urtez jarraian, jubenilen mailako Iruñeko Itzuliko etapa jokatuko da. Zehazki XXXI. Iruñeko Itzuliko 2. etapa hartuko du Etxarrik agorrilaren 2an, asteazkenean. Txirrindulariek 17:00etan ekingo diote Etxarri Aranazko Sari Nagusiari. Iruñeko Itzulia Ermitagaña klubak eta Nafarroako Txirrindularitza Federazioak antolatzen dute, baina Etxarri Aranazko etapan Aralar Txirrindularitza Kluba ere ariko da antolakuntza lanetan.
4 eguneko itzulia
Juniorren 31. Iruñeko Itzulia agorrilaren 1ean hasiko da, asteartearekin, Galaria industrialdeko Leclerc parean hasi eta Mutiloan despedituko den etaparekin (82 km). Bigarren etapa Etxarrikoa izango da (88,25 km), asteazkenean, eta hirugarrena Sarrigurenen jokatuko da (84,4 km), ostegunarekin. Laugarren eta azken etapa agorrilaren 4an jokatuko da, ostiralean, Iruñeko udaletxetik, Santo Domingo kaletik aterata, eta El Redinen despedituko dena (83,5 km). Aralar eta Burunda klubeko taldeak ahalik eta lan onena egin eta aurrean egoten saiatuko dira.
Etxarri: bi aldiz igoko dute Lizarragako Katea
Ibilbidea aurreko urteko bera izanen da. 17:00etan Etxarritik aterata, Arbizura joango dira, Lizarragabengoatik pasa eta berriz atzera Etxarrira; ondoren, Etxarren Arakilera joko dute, buelta hartu eta Arbizutik atzera ere Lizarragabengoatik pasatuz Etxarritik Lizarragarantz eginen dute, Lizarragako portua igo eta Arbizutik jaitsiko dira; handik Lizarragabengoara eta Etxarritik Lizarraga aldera joko dute bigarrenez, Unanura heldu eta berriz ere Arbizura; Lizarragabengoatik pasa eta gero, Etxarri Aranazko helmuga izango dute helburu txirrindulariek, 89 km-ko proba osatuta.
Lakuntzan kadeteen lasterketa festetan
Lakuntzako festetan, laugarren urtez jarraian, kadeteen mailako lasterketa jokatuko da. Agorrilaren 28an izanen da proba, astelehenarekin, 17:00etan.