Asteazkenean Bizkaia Torneoko finala jokatu zuten Asegarceko Anboto taldeak Aspeko Gorbea taldearen kontra. Joanes Bakaikoak, Oinatz Bengoetxeak, Albisuk eta Victorrek osatzen zuten Anboto taldea eta Jaunarenak, Altuna III.ak, Rezustak eta Retegi Bik, aldiz, Gorbea taldea.
Bilboko Bizkaia frontoian jokatu zen finala, asteazkenean. Lehenengo partidan, buruz buru, Joanes Bakaikoak 22 eta 14 irabazi zion Gorbeako Jaunarenari. Etxarrikoa ikusgarri aritu zen. Binakako lehian, aldiz, Gorbea taldeak berdinketa lortu zuen, Altuna III.ak eta Rezustak 13 eta 22 irabazi baitzieten Bengoetxea VI.ari eta Albisuri. Hortaz, guztia azken partidan erabaki zen, lau t´erdian. Anbotoko Victorrek eta Gorbeako Retegi Bik oso lehia estua izan zuten, baina, azkenean, Ezkaraiko aurrelariak irabaztea lortu zuen, 22 eta 17, eta Anboto taldeari eman zion Bizkaiko Torneoko garaipena.
Irribarriak eta Zabaletak ezin izan zuten Zarauzko Torneoa irabazi
Igandean Zarauzko Torneoko finala jokatu zuten Irribarriak eta Jose Javier Zabaletak Bengoetxea VI.aren eta Albisuren kontra. Finalerdietan bikain aritu ondoren, finalean jokaldi ikusgarriak akatsekin tartekatu zituen Zabaletak. Bengoetxeak eta Albisuk aldea atera zuten eta zortzira berdindu zuten Irribarriak eta Zabaletak, baina hortik aurrera tartea ateratzen hasi ziren Asegarcekoak eta, azkenean, 22 eta 12 irabazita, Zarauzko Torneoa irabaztea lortu zuten.