Garilaren 28tik agorrilaren 6ra bitartean Europako Monoziklo Txapelketa jokatu zen Herbehereetako Sittard-Geleen hirian, EC Unicycling proba famatua. Bertan aritu zen Ekhi Congil Mendiola etxarriarra. Gurpil bateko bizikletarekin antolatzen den proba garrantzitsuena da EC Unicycling, eta lasterketa izateaz gain, monozikloan ibiltzen direnen bilgune nagusienetakoa da.
Probara bi monoziklo eraman zituen Congilek. Proba zabaltzeko, monoziklistek desfilea egin zuten Sittar-Gelleen herrian. “Atera kontuak, Europa guztiko 700 monoziklista ginen eta Penintsulatik 3 lagun soilik ginen han, 2 soriarrak eta Euskal Herriko bakarra, ni. Lehenengo txapelketa nuen, eta, gauzak horrela, tropelean sartu ninduten lehenengo frogan, 10 kilometrotakoetan. Ahal nuen guztia eman nuen. Nire lasterketan lehenengo gelditzeaz gain, Europako bigarrena klasifikatu nintzen. Egundoko poza hartu nuen eta, horri esker, hurrengo lasterketetan azkarrenekin batera lehiatu nintzen” azaldu du Ekhi Congilek.
Dominaz lepo itzuli da
Horrela, azkenean Europa mailako lau dominekin itzuli zen etxera Ekhi Congil: zilarrezko hiru –1 km, luzera-jauzia eta Ciclo Cross–, brontzezko bat –maratoia– eta bosgarren postu bat, Cross Countryan. Horretaz gain, bere mailan, 19 urtez azpikoan eta 21 urtez azpikoan, urrezko hiru domina lortu zituen.
Baina, akaso, etxarriarra bizitako esperientziarekin etorri da kontentuago lortutakoarengatik baino. “Europako txapelketa ez da txapelketa soila, monoziklistekin eta aldi berean lagunekin egoteko momentuak esperientziaren parte handia baitira. Azken finean, monoziklismoa gero eta gehiago hedatuz doan arren, ez gara nahi bezainbeste topatzen eta elkarren arteko “premia” handia dugula esango nuke. Esperientzia ikaragarria izan da eta berriz ere errepikatzeko irrikan nago. Hurrengo ametsetako helmuga Hego Korea (Seul)! Ea Mundu Mailako Txapelketa horretarako laguntzaren bat lortzen dudan…” dio Etxarriko monoziklistak.
Etxarriarrak egitasmoa aurrera ateratzeko jasotako laguntza eskertu du. “Ama, amiña, Zugaitz Ayuso nire monozikloaren teknikaria, Carlos Medina, monociclos.com, Barranka BTT Taldea, Siitarden lagundu ninduten antolatzaileak eta monoziklista eta monoziklista ez diren lagun asko. Guztiei mila esker!”