Etxarri 2012 ekimeneko kideek asteazkenean estelada jarri zuten herriko sarreran dagoen errotondan, bertako ikurrekin batera. Herrialde Katalanak une historikoan daude, parlamentuak urriaren 1ean independentziarako erreferenduma egiteko legea onartu zuen asteazkenean, eta bertan gertatzen dena zorrotz jarraitzen ari gara Euskal Herritik.
Estelada jartzeko arrazoiak eman dituzte Etxarri 2012 ekimenekoek. “Batetik, gure elkartasuna eta babesa eman nahi diegu herrialde katalanei beren etorkizuna erabakitzeko hartutako bidean helmugara iritsi daitezen. Bestetik, lau haizetara azaldu nahi dugu hemen ere badela herri bat, Euskal Herria, bere etorkizuna erabakitzeko prest dagoena. Herri bat garela, gure etorkizuna gure esku dagoela eta gure nahia gauzatuko dugula. Eta, amaitzeko, gure izaera ukatzen duten estatuak berdinak izanik, elkarlanean aritzeko prest dagoen herri bat hemen dutela esateko. Gora herri askeak, Visca els pobles lliures!” azaldu dute Etxarri 2012 ekimeneko kideek.