Etxarri Aranazko Udalak plaza eta bere ingurua hobetzeko parte hartze prozesua martxan jarri zuen otsailean. Informazio batzarrak egin eta etxarriarren iritziak jasotzeko inkestak jaso ziren. Batzuetan eta besteetan jasotako informazioari Asun Erdozia, Iñaki Erdozia, Erta Arruabarrena eta Andoni Igoa arkitekto etxarriarrek teknikoki itxuratu dute. Proposamena ontzen Bea Agirre aparejadore etxarriarra eta udaleko teknikariak (arkitektoa, kultura teknikaria eta enkargatua) lagundu diete. Euren lana bihar batzarrean ezagutzeko aukera izanen da.
Martxoko batzarretan 25 bat pertsonek parte hartu zuten eta plaza mugikortasun aldetik hobetzea eta han estalope bat jartzearen inguruan hizketatu ziren. Udalak zabaldutako inkestak 143 erantzun izan zituen eta %84k plazan estalope bat jartzearen alde agertu ziren; zehazki kioskoaren atzean eta kioskoa integratuta. Gauzak horrela plazako zati horretako erdiko zuhaitzak kendu beharko lirateke, ertzetakoak mantenduz. Parte-hartzaileek estaloperako zura, burdina eta kristala materialak gogoko zituztela esan zuten. Plazan izanen den aterpe hori eguraldi txarra egiten duenean babesteko balioko du. Eta, aldi berean, ekitaldiak antolatzeko ere.
Oinezkoekin lotutakoak
Iturri, Larrañeta eta Nagusia kaleetan oinezkoendako espazioak sortzearen beharra ere agerian gelditu da parte hartze prozesuan, batez ere aurreneko biak. Bestalde, udaletxe pareko galtzadarriak mugikortasun mugatua duten pertsonendako traba direla nabarmen gelditu da. Horretaz aparte, argitasun gehiago eskatzen zen plaza zati horren erdialdean eta udalak bi farola jarri ditu.
Ibilgailuen aurrean oinezkoak babestuago egoteko zenbait tokitan zebrabide goratuak jartzea egoki jo zen, baita espaloiak eta pasabideak oinezkoendako libre uztea ere. Jakina, oinezkoendako eremuak sortzeak ibilgailuak aparkatzeko espazio gutxiago utziko du eta horiendako hiru aparkaleku proposatu dira: Larrañetan autoak zeharka aparkatzea (egina), Burundabide etorbideko medianan aparkalekua egitea eta, azkenik, Larreñondoko zelaia autoak uzteko egokitzea.
400 bat zuhaitz
Horiek dira, gutxi gorabehera, Etxarri Aranazko herrian dauden plataneroak eta 100 bat urte dituzte. Herriaren ezaugarrietako bat bihurtu dira. Bai batzarretan bai teknikarien taldean zuhaitzena sakon aztertu da. Etxarriarren gustuko izan arren, zuhaitzak oso baxuak dira eta traba edo muga handia dira mugikortasunerako eta plazan espazio irekiak sortu edo jarduerak eta ekitaldiak antolatzeko. Plazan estalopea egiteko zenbait zuhaitz kentzea aurreikusten dira, baina haiekin batera, beste batzuk ere, plaza arintze aldera eta espazio diafanoagoak sortze aldera. Plazako zuhaitzetako batzuk klorosiak jota daude, zainak zabaltzeko espazio gutxi dutelako.