Uda honetan Iruñean ospatzen den ‘Dantza Zoroan’ jaialdiaz gozatzeko aukera izan nuen. Dantza garaikideko zazpi ikuskizun eskaini ziren, bertako, Estatuko beste lurralde batzuetako eta nazioarteko hainbat konpainiaren eskutik, Iruñeko harresian, Zaldi Zurian eta Jitoalai pilotalekuan. Carmen Larrazen dantza konpainiak bultzatzen duen jaialdi hau ‘Harresien Jaialdia’-ren programazioaren barruan zegoen kokatua, non hogeita hamar bat ikuskizun egin ziren guztira: kontzertuak, zirkoa, dantza, bisita gidatuak… abuztuaren 3tik 23ra.
20:00ean puntual hasi zen lehen emanaldia, Zaldi Zuriaren ondoan. Uri Shafar israeldarraren ‘The Kolokium’, Lucia Nieto eta Maddi Muñozen ‘Site Specific’ lana eta Roberta Milevoj kroaziarraren proposamenak ikustera bildu ginen jende mordoa. Kalean egiten den jaialdia izanik (eta dohakoa), adin eta jatorri desberdinetako publikoa bildu ginen, dantzan adituak zirenak eta ez ginenak. Lagunekin nengoen eta pieza bat bukatutakoan, bakoitzari iritsi zitzaiona konpartitzen genuen: niri hau iradoki dit dantza honek, niri bestea, bigarren pieza gustatu zait, neri ez hainbeste…
Uri Shafar dantzan zegoela, familia bat gerturatu zen gure ondora; jende andana zegoenez, sorbalda gainean zegoen haurrak familiako beste kideei ikuskizuna deskribatzen hasi zen eta bere azken ondorioa hau izan zen: ‘tontoarena egiten ari den mutiko bat dago, baina dibertigarria da!’. Barrez lehertu ginen ondoan geundenok eta baten batek, arrazoia ez zitzaiola falta komentatu ere.
Bide guztiak dira zilegi sormen munduan eta zilegi da bakoitzak bere iritzi pertsonala espresatzea. Aldi berean, gauza ederra iruditzen zait arteak deserosotasun puntu hori sortarazten duenean ikuslearengan. Azkenaldian dantza garaikidea gorakada handia izaten ari da Euskal Herrian baina gaian adituak ez garenondako oraindik arrotz xamarra egiten zaigula uste dut, ulergaitza batzuetan, free jazza edo arte kontzeptuala bezala. Disziplina artistiko bat den einean, agian ez da zertan ulertu beharrik, sentitu egin behar da, baina egia da deserosotasun sentsazio hori gainditzeko begirada hezi behar dela, eta hori, dantza ikuskizun desberdinak ikusten lortzen da.
Hiru pieza hauek bukatutakoan, parkour talde batek Zaldi Zuritik Jitoalai frontoiraino gidatu gintuen, bertan, Laida Aldazen eta Helena Lizariren ‘Kirolak’ lanaz disfrutatzeko. Pieza koreografiko hau Euskal Herriko herri kirolen gaineko behaketan oinarrituta dago eta Iruñeako frontoi mitikoa aparteko kokalekua zen.
Euskal kirolak, kirol bihurtu aurretik, eguneroko lanak zirela badakigu; bi dantzari hauek, prozesu hau haratago eraman nahi izan dute, zenbait herri kirolen interpretazio artistikoa eginaz. Euskal kirolen fisikotasunaz erakarririk, edonork ulertzeko moduko hamabost minutuko dantza ikuskizun aparta sortu dute; berehala erlazionatu daitezke dantzariek maisuki gauzatutako mugimenduak, guretzat hain gertukoak ditugun kirolekin: idi-proba, zesta punta, pilota, harri-jasotzea, aizkora… Hau guztia, txalapartaren soinuaz lagundurik. Pieza honen punturik gorenena emanaldiaren bukaerarako utzi dute: Laida, enbor batean bilakaturik eta Helena bere bizkar gainean zutik aizkolaria balitz bezala, oilo ipurdia jartzeko moduko emozioak sortarazi zizkiguten; aizkora eta enborra, eskuak eta gorputza, mugimendu zuzen ta gordinak eta bukaeran, enborraren garrasiak. Zirraragarria.
Dantza gairaikidearen munduan murgiltzen hasi nahi duenarendako pieza aparta da hau, ikusleari emozio desberdinak eragingo dizkiona, dudarik gabe.