Preferente mailako denboraldia hasi berria da. Jokatutako bi partidak galdu egin ditu Etxarri Aranatzek, baina denboraldia oso luzea da. “Gaizki hasi gara baina oso luzea da denboraldia. Zer espero dugun? Ba, ez sufritzea. Preferente mailari eustea, eta posible bada, goian egotea. Hori nahiko genuke” adierazi digu Etxarriko entrenatzaile eta juntako kide Iosu Murgiondok.
Izan ere, denboraldi konplikatua izango da hau, preferente mailako guztiak bezala. “Talde gehienek antzeko maila dugu. Iruñeko taldeek beti jokalari eta baliabide gehiago dituzte, eta hori nabaritzen da. Aurten, akaso, talde indartsuenak goiko autonomia mailatik preferentera jaitsi diren Lagunak eta Infanzones taldeak dira. Mailaz igotzeko borrokatuko dute. Eta Doneztebe ere goian egongo da; aurreko urtean hirugarrenak sailkatu ziren… eta gainontzekoak hor gabiltza. Baina gero gauzak aldatu daitezke. Guk gurea egin behar dugu…” gaineratu du entrenatzaile etxarriarrak.
Harrobia
Murgiondok aipatu duenez, Etxarrik ez du aparteko arazorik izaten taldea osatzeko. Jokalari gehienak euren harrobian trebatutakoak dira, Etxarrikoak eta Sakanako gainontzeko herrietakoak. “Jende gehiena Etxarrikoa da, baina beste herrietatik ere asko etortzen dira gure harrobiko taldeetara jokatzera, eta guk etxekoak bezala hartzen ditugu. Inguruko jendea izatea saiatzen gara” nabarmendu du. Baina aldaketak ere badaude. “Lehen soilik futbola eta pilota zeuden. Orain, geroz eta kirol aukera gehiago dago eta nabari da, ez da lehen bezala. Baina harrobia badugu”. Preferente mailaz aparte, benjaminen, kimuen, haurren eta jubenilen taldeak ditu aurten Etxarrik. Kadeteak gutxi ziren, eta ez da taldea atera. Benjaminetatik jubenil mailaraino, jokalari guztiek jokatu dezatela, hori bulkatzen dute. “Irabazten badute ongi eta galtzen badute ere bai. Parte hartu dezatela, jolastu dezatela, futbolarekin ongi pasa dezatela”.
Giro bikaina, taldearen alde indartsuena
Preferente mailako Etxarri taldearen alde indartsuena, taldean dagoen giro bikaina da. Hori esan digu Murgiondok. “Entrenatzailea naizen aldetik, guztiak ezagutzen ditut. Sekulako giroa dago taldean, entrenamenduetan… Entrenatu ondoren merendatzera biltzen gara askotan, partiden ondoren buelta ematera… hori ona da, indargunea. Eta etorri diren jokalari berriak ere oso ongi integratu dira.
Izan ere, aurreko urteko taldetik 7 jokalariren baja izan du Etxarrik: Mikel Goikoetxea, Asier Urkia, Jurgi Kintana, Julen Iriarte, Jon Razkin, Adrian Garciandia eta Julen Iragi. Haien hutsunea betetzera 5 jokalari etorri dira: Iñigo Arratibel etxarriarra (San Juan), Javi Fernandez altsasuarra (Agurain), Darling Quezada altsasuarra (Altsasu), Mikel Martiarena uhartearra (jubeniletatik igo da) eta Iñaki Gonzalo etxarriarra. Azken hau, hainbat urte futbola utzita egon eta gero, berriz taldera itzuli da.
Etxarriko futbol taldeko juntari dagokionez, Eduardo Elso da lehendakaria, Iñaki Elvira lehendakariordea eta diruzaina, Iña Arratibel idazkaria eta Jose Javier Urkia, Jose Guillorme, Fran Gomez, Xabier Errazkin eta Koldo Murgiondo bokalak.
Etxarri Aranatz. Preferente mailako taldea 2017/2018
Atezainak: Ivan Gorriz eta Iñaki Gonzalo
Defentsak: Luis Goñi, Xabi Bakaikoa, Unai Artieda, Iñaki Razkin, Andoni Agirre, Oihan Karasatorre eta Mikel Arratibel
Erdilariak: Gentza Erdozia, Alain Perkaz, Asier Arratibel, Alain Iriarte, Aitor Saez, Iñigo Arratibel, Ivan Cerezo, Javi Fernandez eta Darling Quezada
Aurrelariak: Xabat Goikoetxea, Garat Flores eta Mikel Martiarena
Entrenatzailea: Josu Murgiondo