Enneco, haritzaren memoria parkea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan da garilean eta agorrilean. Nafarroako Estatuaren memoria gordeko duen parkeak jendearen jakin-mina sortu du eta seiehundik gora bisitari hartu dituzte. Ennecoko komunikazio arduradun Amaia Zabalak erantzunarekin oso pozik daudela esan digu. Udakoaren ondoren bisita gidatuena eten eginen dute. Talderen bat sortuz gero, bisita puntualak eginen lituzkete. Zabalak argitu digunez, udaberrian atzera ere zabalduko dute bisitetarako. Bitartean ikastetxeetako bisitak jasoko dituzte.
Haritzaren memoria parkea auzolanean eraikitzen ari dira. Boluntario talde finko bat dago, eta Euskal Herri guztitik joandakoak ere aritzen dira. Lagundu nahi duenak Enneco sare sozialetan jarraitu eta hala jakinen du noiz egiten diren deialdiak. Egitasmoak aurrera egiteko finantzazioa ezinbestekoa da eta www.enneco.eus web orrian Enneco-lagun egiteko aukera dago. Egiten den diru ekarpenaren % 80 errenta aitorpenean desgrabatzen duela jakinarazi digu Zabalak. Bono laguntzak eskuratzeko aukera badago, esaterako, Arbizuko Txistorra egunean.