Etxarri Aranazko Udaberri elkarteak, Etxarriko Udalak eta Nafarroako Mendi Federazioak makina bat babeslerekin antolatuta, igandean, Etxarriko ferietan, 42. Mendira Joan Etorria jokatuko da. Lasterketa Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako puntuagarria da eta 10 km eta 572 metroko desnibel positiboko proba da. Etxarrikoa lagun talde batek 1975. urtean egindako apustu batetik sortutako proba da.
Ohikoa denez, Etxarriko plazatik bargara igotzea da erronka, Hartzabaleraino (1065 m), maiatza jartzen den tokiraino, eta handik berriro plazara jaistea. Aurreko urtean 115 korrikalarik hartu zuten parte, horietatik 59 sakandarrek, eta Mikel Beunza (46:11) eta Virginia Perez (52:18) izan ziren garaileak. Beñat Katarain eta Erkuden San Martin izan ziren lehen sakandarrak.
Izena ematea, zabalik
Etxarriko mendi lasterketan aurretik eman daiteke izena www.mendizmendi.com web gunean, baina igandean bertan, proba egunean, izena eman dezakete korrikalariek. Dortsal banaketa egunean bertan eginen da, 9:00etatik 10:00etara
Bukaeran auzatea izango da eta sari-emateari ekingo zaio. Korrikalari bakoitzak oroigarri bat jasoko du. Horretaz gain, lehendabiziko gizon eta emakumeek 100 euro, txapela eta sari berezia jasoko dituzte, bigarrenek 75 euro eta sari berezia eta hirugarrenek 50 euro eta sari berezia. Bestalde, lehendabiziko gizon eta emakumezko etxarriarrek 50 euro eta sari berezia jasoko dute, eta bigarrenek eta hirugarrenek sari berezia. Lehen beteranoendako ere sari berezia egingo da.
Bestalde, errekorrak gaindituz gero (Juan Mari Garin, 2001ean, 42:50), 300 euroko saria emango du Olalde gaztak etxeak.