Sakana Harrera Haranak ferien barruan Ongi etorri munduko zaporeak ekimena prestatu du. Haren bidez Europako mugetako egoera larria salatu nahi dute. Horretarako, kontinenteko mugetan hainbat sakandarrek ateratako argazkiak erakutsiko dituzte eta migratzaileek bizi duten drama azaleratuko dute. Erakusketa osatzeko errefuxiatuen eta migratzaileen inguruko informazio-panelak jarriko dituzte.
Jatekoen bidez, herrian bizi diren kultura desberdinak ezagutzeko aukera izanen da. Sakana Harrera Haranatik azaldu dutenez, Ekuador, Senegal, Maroko eta Etxarri Aranazko jatekoak prestatuko dituzte. Kultura bakoitzeko etxarriarrek etxetik prestatutako jakiak eramanen dituzte plazara eta 12:00etatik aurrera dastatzeko emanen dute. Beste herrietan munduko arrozak prestatzen badira ere, Etxarri arroza edo beste edozer jateko eskainiko dute. Eguerditik aurrera Etxarriko plazatik pasatzen direnak arabiar kaligrafia tailerrean parte hartzeko aukera izanen dute. Hennazko irudiz apainduta etxera bueltatzeko aukera ere izanen da.