Feriak eta langarra

Guaixe 2017ko urr. 2a, 12:35

Etxarriko ferien kronika txikia

Eguraldiak gehiegi ez bazuen lagundu ere, asteburuan feriak ospatu dira Etxarri Aranatzen. Swing doinuekin eta haiek dantzatzen zituzten bikoteekin hasi zen egitaraua. Aldamenean munduko zaporeak dastatzeko aukera izan zen Sakana Harrera Haranak antolatuta. Gainera, errefuxiatuen aldeko informazioa zabaldu zuten. Larunbat arratsaldean haurrak izan ziren protagonistak. Iluntzearekin batera auzatea eta dantzaldiaren txanda izan ziren.

Igandean, langar-pean egin zen artisau azoka eta herriko aziendaren erakusketa. Abereak ikustera eta artisauen salmahaitan haiekin hitz egin eta zer edo zer erostera hurbildu zen jendea. Korrikalariek mendira joan-etorria egiten zuten bitartean estalopean auzatea izan zen, tripekiak. Sakanako artzainen gazta txapelketaren 14. edizioa jokatu zen. Sei gazta aurkeztu ziren eta epaile lanak Ainhoa Juanizek (pailazoa), Ruth Sanchezek, Miriam Igoak (Etxeazpi elkartea) eta Gorka Garatek (udaleko langilea) egin zituzten. Unanuko Balda-Artolarendako izan zen. Arbizuko Araña-Etaio bigarren izan zen eta podiuma Arruazuko Albi gaztandegiak osatu zuen. Arratsaldean pilota partidek eta estalopean egin zen dantzaldiak osatu zuten egitaraua.