Urtero errepikatzen da baina urtero jakinmina pizten jarraitzen du. Etxarri Aranatzen igandean antolatu duten ziza eta landareen erakusketa mitologikoaz ari gara. Hartzabal elkarteak eta mikologi lantaldeak prestatuta, goizeko 10:00etatik 17:30era bitartean gure basoetan dauden mota guztietako zizak eta landareak gertutik ikusteko aukera izango dugu.
Ventura Mundiñano dabil, beste behin, antolaketa lanetan. “Hamarren bat inguru aritzen gara. Patxi Irastorza, Jose Ramon Beloki, Fernando Goia, Angel Mari Goikoetxea, Txomin Garziandia, Juan Mari Aiestaran… Emakumeak ere, Silvia Mauleon eta Oihane Razkin biologoak… eta laguntzera hurbiltzen diren beste hainbat” azaldu digu Mundiñanok.
240-250 espezie ezberdin
Aurten ziza asko daudela adierazi digu etxarriarrak. “Zizendako eta landareendako urte ona da hau. Pentsatzen dut, urtero moduan, 240-250 ziza espezie ezberdin eta beste horrenbeste landare ezberdin biltzea lortuko dugula” gaineratu du.
Erakusketa antolatzaileak bihar, larunbatean, joango dira basora, goizez, eta arratsaldean goizez bildutakoa sailkatzeko bilduko dira, estalopeko udal gela batean. Jasotakoa identifikatu eta bakoitzari bere fitxa jarriko diote. Zizen kasuan, izen zientifikoarekin batera, baldin badu, euskarazko izena jarriko zaie, eta landareei, izen zientifikoaz eta euskarazkoaz aparte, zertarako erabiltzen den ere gaineratuko dute. “Badaude ere, partikularrak, eurak bildutakoa gure erakusketara ekartzen dutenak. Edonork egin dezake; zerbait berezia badu edo zerbait bildu badu, ekar dezala, erakusketan jarriko dugu” adierazi du.
Igandean mahai luzeetan jarriko dute erakusketa, bildutako guztia eroso ikusteko. Eguraldi ona iragarri dutenez, plazan izango da. Zenbat ziza bilduko dituzten galdetuta ondokoa dio Venturak: “Urtero galdera berdina. Kantitateari baino, bariedadeari begiratzen diogu guk, espezie ezberdinak hartzeari. Ahalik eta gehien biltzera joango bagina milaka ekarriko genituzke. Baina hori ez da gauza; kontua barietate ezberdinak ekartzea da, itxuran, baina kopurutik pasatu gabe”.
Erakusketa polita geratuko dela uste du Mundiñanok. “Jendea gogotsu ateratzen da erakusketa ikustera; ea ongi ateratzen den”.