Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Lazkoz Bertso Txapelketa Nagusian

Guaixe 2017ko urr. 13a, 12:46

Eneko Lazkoz Martinez bertsolari etxarriarra, Nafarroako txapeldunordea, 17. Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioan ariko da aurrenekoz bihar. Tolosako biharko final-laurdenekoan Lazkozekin batera Beñat Lizaso Alberdi, Etxahun Lekue Etxeberria, Jon Maia Soria, Maddalen Arzallus Antia eta Xabat Galletebeita Abaroa izanen dira bertsotan, Ion Zalduak gidatuta.

Tolosakoa aurreneko errondako azken saioa da, beraz, bihar erabakiko da zein bertsolari pasako dira txapelketako hurrengo fasera. Final-laurdenetako saio bakoitzeko irabazleek txartela eskuratuta dute. Aurrera eginen duten gainontzeko 12 bertsolariek lortutako puntuengatik eginen dute. Badirudi 662 puntutik gora lortzen duten bertsolariek pasatzeko aukerak izanen dituztela. Tolosako saiorako sarrera guztiak saldu dira. Baina finalaurreko eta finalerako sarrerak www.bertsozale.eus web orrian salgai daude.

Beleixe Irratian
Sakanako euskarazko irratiak Tolosako saioa osorik emanen du. Horretarako, Info 7 irratiarekin bat eginen du, bihar, 16:30etik 20:00etara. FM 107,3an edo www.guaixe.eus bidez entzun daiteke.