Gurasoek euren hizkuntza-ohiturez hausnartzeko tailerra

Guaixe 2017ko urr. 14a, 12:05

Haurren begietatik gurasoek euren hizkuntza-ohiturak eta haien eredugarritasuna ikusteko aukera izanen dute.

Ispiluari begira tailerraren abiapuntua haurren begirada da, eta haien inguru hurbila (etxea, eskola eta kalea) lan eremua. Eguneroko harremanetan sortzen den komunikazio-hizkuntzari erreparatuko zaio tailerrean, euskararen erabilerari arreta jarriz. Izan ere, ikastetxea eta etxea dira, zalantzarik gabe, heziketaren zutabe nagusiak. Irakasleak eredu dira haurrendako, eta baita gurasoak ere. Horregatik, gurasoen hizkuntza eredugarritasunaz hausnartuko da eta gurasoen hizkuntza-ohiturak ikastetxearen errealitatearekin sintonian jartzeko aukerak aztertuko dituzte.

Tailerra Etxarriko haurrendako eta gurasoendako da, bereziki, LHko 1., 2. eta 3. mailakoendako. Saioak bi adar ditu. Lehenik, haurrek errealitatea modu bisual batean, kolore eta marrazkien bidez adierazteko ariketa eginen dute. Hala, bakoitzak eguneroko hizkuntza-ohiturak deskribatuko ditu. Ondoren, haurrek haien lanaren aurkezpena eginen diete helduei. Ondoren, elkarrekin errealitate horretaz hausnartu eta, aldaketa beharra izanez gero, aukera berriak aztertuko ditugu.
 
Etxarri Aranazko Udalak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Mank-en laguntzaz antolatu dute tailerra. Saioa hilaren 21ean, larunbatean, 11:00etatik 13:00etara izanen da, kultur etxean. Baina aurretik izena eman behar da. Ostegunera arte egin daiteke, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan (948 464 840 edo euskara2@sakana-mank.eus) edo Etxarriko liburutegian (arratsaldez). Tailerra doakoa da.