Etxarri Aranazko Udalak Larrainondo kalean ehun auto baino gehiagorendako aparkalekua prestatuko du, festetan ferianteak egoten diren tokian. Ibilgailuen aparkaleku hori egitearekin udalak herri erditik atera nahi dituen autoei alternatiba bat eman nahi die. Aparkalekuko lanak azaroan hasi nahi lituzke udalak.
Eta hori egin ondoren, plazan eta osasun etxe ondoko iturriaren inguruan oinezkoei lehentasuna emateko lanak hasiko dituzte, abenduan edo ilbeltzean. Oinezkoendako espazioak sortuko dira, alde batetik, gaur aparkaleku den iturri inguruan. Eta, bestetik, udaletxe ondoan galtzadarriz egindako espazio hori ere oinezkoendako bihurtuko da. Gainera, zorua ere aldatuko da, mugikortasun mugatua duten pertsonendako egungoa traba handia baita.
Estalopea
Erabaki horiek plaza hobetzeko otsailean udalak abiatutako parte hartze prozesuaren baitan hartu ziren irailaren 28an. Egitasmo horren barruan plazan estalope bat egiteko aukera mahai gainean jarri zen. Eneka Maiz Ulaiar alkateak jakinarazi digunez, “batzarrean peatonalizazioari lehentasuna ematea erabaki zen. Horiek eginen ditugu lehenik, eta eragina aztertuko dugu. Estalopearena gero etorriko litzateke, 2018an edo 2019an”. Batzarrean azaldutakoaren arabera estalopea kioskoaren atzeko aldean eginen litzateke, Sabando denda eta Xapatero taberna aldera hain zuzen ere.