Bertsolari gazteak bikoteka neurtzen dira Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa berrian. Haren azken kanporaketa gaur jokatuko da. Saats Karasatorre eta Unai Artieda etxarriarrak bikotea osatuko dute eta Amaia Elizagoien-Xabat Illarregi eta Saioa Alkaiza-Aitor Irastortza bikoteekin neurtuko dira. Egin beharreko lana honakoa da: ofiziotan aritu ziren sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz; segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu dituzte bikoteko kide banak; bertso proben tartean tabu jokoa, ‘Bat, bi, hiru’ jolasa eta ezkutuko pertsonaia asmatzea; bikoteko kide banak bakarkako lana egin beharko du eta, despeditzeko, koplaka ariko dira hiru bikoteak.
Saioko irabazleak finalerako txartela eskuratuko dute. Dagoeneko han aritzeko prest da Ekain Alegre bertsolari altsasuarra, Joanes Illarregirekin bikotea osatzen duena. Haiek bigarren kanporaketa irabazi zuten. Finala ostegunean jokatuko da, 19:30ean, Iruñeko Arrano elkartean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du sariketa, Iruñeko Udala eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin. Haren helburua Nafarroako bertsolari gazteei plazak eskaintzea eta Iruñerriko gazteen artean bertsozaletasuna sustatzea da.