Zuzentasunaren atzeko frustrazio eta miseriak

Guaixe 2017ko urr. 20a, 11:04

Gaur, 22:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean.

Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendutako Jainko basatia antzezlanak bi bikoteren istorio komiko-tragikoa kontatzen du. Bi bikoteak elkartu eginen dira, egoera bat zentzuz, giza-legez konpondu nahi baitute: baten semeak bestea jo du. Edukazio handiz abiatutako bilerak bide okerra hartuko du eta batzuen eta besteen frustrazio eta miseriak agerian geldituko dira.

Yasmina Rezaren obra lau aktorek jokatuko dute. Bikote bat Anek (Aitziber Garmendia) eta Alexek (Mikel Losada) osatzen dute. Anek banku batean lan egiten du. Emakume lasaia dirudi, baketsua, zurrutari ematen dion arte. Alex, berriz, arrakasta handiko abokatu gaztea da, zintzoa, burlatia, zuzena eta mugikorrik izan ezean, galduta dabilen horietakoa.


Beste bikotea Xantik (Andoni Agirregomezkorta) eta Veronikak (Tessa Andonegi) osatzen dute. Gizona burdingilea da, lasaia eta emaztearen gonapean bizi dena, bileran zehar lehertzen den arte. Emaztearen kontra egin eta bere alderdi ilun eta arranguratsuak erakutsiko du. Veronika kultura handiko etxekoandre aurrerakoia da. Trago pare batekin itxuraldatu eta erresumindu egiten dena, bere frustrazio guztiak azaleratuz.