Bertsokabian etxarriarrak ezin aurrera egin

Guaixe 2017ko urr. 23a, 11:25

Saats Karasatorre eta Unai Artieda bertsotan. Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea.

Bertsolari gazteendako Bertsokabia-Eugenio Arraiza sariketako azken kanporaketan aritu ziren Saats Karasatorre eta Unai Artieda. Barañaingo Lanabe aretoan jokatu zen saioa ostiralean, 80 ikusleren aurrean. Haietako bostek epaile lanak egin zituzen. Bertsolari etxarriarrekin batera Saioa Alkaiza eta Aitor Irastortza eta Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi aritu ziren. Azken bikote hori sailkatu zen finalerako.

Aurreko kanporaketetan bezala bikoteka banatu zituzten saioan egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu ziren sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu dituzte Xabat Illarregik, Unai Artiedak eta Aitor Irastortzak, saio umoretsu eta bizian. Bertso proben tartean ‘Bat, bi, hiru’ jolasean, patxada oinarekin hasita puntuka aritu ziren Saats Karasatorre eta Unai Artieda, hiru bat minutuz, poto egin zutenera arte. Proben ondoren, bakarkako ariketa Saats Karasatorrek, Saioa Alkaizak eta Amaia Elizagoienek bete dutena, eta despeditzeko koplaka aritu ziren hiru bikoteak, egoera emanda.

Ostegunean finala
Hiru kanporaketetako irabazleak sailkatu dira finalerako. Azken saio horretan ariko direnen artean Ekain Alegre altsasuarra dago, Joanes Illarregirekin batera bikotea osatu eta bigarren kanporaketan nagusitu zirenak. Haiekin batera bertsotan Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu (berez sailkatutako Irati Majuelo ordezkatuko du azken honek) eta Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi ariko dira. Ostegunean izanen da finala, 19:30ean, Iruñeko Arrano Elkartean. Sarrera doakoa izanen da, orain arteko kanporaketetan bezalaxe.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.