Azken 80 urteetako sufrimenduak jasotzera

Guaixe 2017ko urr. 27a, 08:35

Silvia Marañon (zinegotzia), Eneka Maiz (alkatea), Iñaki Egaña (Euskal Memoria fundazioko lehendakaria) eta Maria Saez de Albeniz (zinegotzia).

Etxarri Aranazko Udalak 1936tik gaur egun arte herritarrek bizi izandako sufrimenduen giza mapa bat osatu nahi du. Lan deskriptibo bat izanen da non etxarriarrek garai desberdinetan arrazoi politikoengatik pairatu dutena jasoko den.

Sufrimenduaren mapa deitzen diote Etxarri Aranazko Udaleko kideek sortu nahi duten lanari. Etxarriarrek azken 80 urteetan bizi izandako sufrimendua jasoko duen giza-mapa bat, izen-abizenak dituen katalogo moduko bat. “Diagnostiko orokor bat, hutsune bat betetzea xede duena. Ezin diogu etorkizunari indarrez begiratu iraganari bizkarra emanda”. Abendurako argitaratu nahi lukeena udalak. Horretarako, aurre-dokumentazio lana egiten hasiak daude (agiri-funtsak, hemeroteka eta bibliografia arakatu) baina etxarriarren lekukotasunekin osatu nahi da.

Memoriaren aldeko auzolan horrek Etxarri Aranatz bere sufrimenduaren ispiluaren parean jarri nahi du. “Mapa inklusiboa izanen da, transbertsala, inolako balorazio etiko-politikoetan sartu gabe. Prozeduretan Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala sortutako eta nazioarteko hainbat gortek jasotako irizpideei eta metodologiari jarraituko zaio”.

Aurrekoak Eneka Maiz Ulaiar alkatearen esanak dira. Gaineratu duenez, “mapa hau gure iraganari zor zaion tresna da, Etxarriko Udalak herritarren eta gizartearen esku jarri nahi duena. Ez da, inolaz ere, lan definitibo bat izanen, baizik eta aurrerago gara litekeen diagnostiko-lan baten lehen urratsa edo hastapena”.

Lekukotasunak jasotzeko zerbitzua
Alkateak jakinarazi du, azterketa baliatu nahi dutela "etxarriarren lekukotasunak jasotzeko, Etxarrin sufritu dutenen testigantza zuzenekin jantzi nahi genuke". Horregatik deialdia egin du udalak: "lan hau osatzeko edozein etxarriarrek bere testigantza eman dezala. Berak arrazoi politikoengatik sufrimenduren bat edo giza eskubideen urraketaren bat pairatu badu, edo inguruan ezagutu badu, kontatzeko zerbitzu bat jarri dugu".

Hura erabili nahi dutenek udaleko zinegotziekin harremanetan jartzea besterik ez dute. Bestela, Euskal Memoria fundazioaren 688.693.778 telefonora hots egin dezakete. Joxerra Bustillo da ikerketaz arduratuko dena, Iñaki Egañaren zuzendaritzapean. Azaroaren 20ra arte egonen da martxan zerbitzu hori. “Afektatuen ekarpena erabateko diskrezioz tratatua izanen da”.

Gobernuak lagunduta
Nafarroako Gobernuak bakea eta elkarbizitza sustatzeko diru-laguntza deialdiaren ebazpena jakinarazi zuen joan den asteko asteartean. 1936ko estatu kolpeak eta terrorismoak eragindako biktimak aitortzeko aktoak egitera edo gertuko memoria eta elkarbizitza sustatzera bideratuko zirela jakinarazi zuen. Laguntzaren hartzaile direnen artean Etxarri Aranazko Udala dago.

Historia-memoria lantzeko Etxarriko Udalean sortutako lantaldeko kide diren alkatea eta Silvia Marañon eta Maria Saez de Albeniz zinegotziek egitasmoaren berri asteartean eman zuten. Eta proiektuari Nafarroako Gobernuak emandako babesa azpimarratu zuten. Alkateak jakinarazi zuenez, Euskal Memoria fundazioa Etxarri Aranazko Udalarekin elkarlanean ari da proiektu horretan.

Egindako bidea
Lehenik gogorarazi zuen 36ko estatu kolpearen ondoren eraildakoak omentzeko urteetan Etxarrin Otsaportillo ekitaldia antolatzeko talde bat egon dela. Duela bi urte Urbasako saroiko lezean agertu ziren ustez Otsaportillon zeuden etxarriarren gorpuak eta horrek "lan dinamikak aldatu zituen" azaldu du alkateak. Ondorioz, gaur egun Otsaportilloko ekitaldia Sakanako udal eta eragileen ardura da.

Maizek esan zuenez, "memoria lantaldean planteatu zen 1936ko omenaldi horretan eta orduko biktimen gaian gelditu ginela. Hausnarketa egiten hasi ginen: 1936tik gaur egunera arte hainbat sufrimendu eta hainbat giza eskubideren urraketa baziren. Gai horri ez zaio modu oso, integral, inklusibo eta transbertsal batean heldu". Abiapuntu horretatik, alkateak azaldu zuen "orduan ikuspegi orokor bat lantzera" pasa zirela. "Eta ikusi genuen urte hauetan Etxarrin hainbat gertaera eta hainbat giza eskubideren urraketa egon direla. Ikuspegi desberdinetatik eta batekoak eta bestekoak: direla hildakoak, direla torturatuak, atxilotutakoak eta bestelako sufrimendu motak".Horretaz guztiaz jabetuta, sufrimendu hori guztia jasoko lukeen giza mapa bat gutxienez egin behar zela erabaki zuten.  

Harremanak
Lantaldeak hori aztertu zuen eta Euskal Memoria fundazioarekin harremanetan jarri ziren egin nahi zuten lanaren berri emateko. "Laguntza teknikoa eman digu hau nola azalduz". Baina ez zen izan Etxarri Aranazko Udalak jo zuen ate bakarra. "Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentura jo genuen, Bizikidetza eta Bake Zerbitzuak gaiaren inguruko diru-laguntza deialdia egin zuelako”. Egitasmoak zerbitzuaren oniritzia jaso du.

Alkateak argitu nahi izan du zergatik erabiltzen duten sufrimenduaren mapa kontzeptua: "Foro Sozialarekin harremanetan jarri gara eta proiektu hau aurrera eramateko koordinatu egin gara. Zenbait kontzeptu eta zenbait ildo argitzeko". Maizek adierazi duenez, eragotzi nahi izan dute "nork eragin duen sufrimendua, zeinek jaso duen, eta horren balorazio etiko-politikoetan sartzea". Sufrimendua eragin dela aitortuta, "hori da mapa honetan jaso nahi dena. Mota guztietako sufrimenduen isla izateko".

Lanaz
Euskal Memoriak halakoetan ohi duenez 1936tik hasi eta gaur egunera arteko lan esparru metodologiko eta historikoa hartuko du, "80 urte horietan kudeatu memoriari dagozkion kontu guztietan" azaldu du Iñaki Egañak, fundazioko buruak. "Erabiltzen ditugun arauak nazioartean erabiltzen direnak dira. Nazio Batuen Erakundeak onartutako giza eskubideen karta 1948ko abenduaren 10ean onartu zuen eta ondorengo hamarkadetan horren inguruan sortutako arautegia da". Egañak azaldu duenez, 45-48 giza eskubide urraketa dira gaur egun: zaurituak, hildakoak, hainbat eskubideren urraketak, genero indarkeria, bahiketak, espetxeratzeak, erbesteratzeak, ihes egindakoak eta abar. "Arautegi luzea eta transbertsala dago. Sufrimendua ez dagokio ideologia bati. Gizakiaren sentimendu sakon bat da. Irizpide unibertsalen arabera biktimek badute aitortza, justizia eta erreparaziorako eskubidea".

Fundazioak Nafarroan egin dituen lanak hiru zatitan banatu ditu, "Gerra Zibilaren ondorioak oso latzak eta sakonak izan ziren". Horregatik, ikerketaren epe bat horri, gerraren ondorio hurbilei, eskainiko dio Euskal Memoriak. "Nahiz eta Etxarrin gerra fronterik ez izan, hildako batzuk izan ziren; 11 fusilatu, tartean, 1933an alkate izandako Felix Lopez Sanchez (Litiagon, Zaragozan jaioa eta altsasuar batekin ezkondua). Errepublikaren aldean eta Francoren armadan etxarriar hildakoak izan ziren, 25-26 bat. Erbestera joan zirenak, espetxeratuak izan zirenak eta abar.

Frankismoa izanen da beste epe bat. "Giza eskubideen urraketak banan-banan aztertuko ditugu. Eta, ahal den neurrian, anonimotasuna gaindituz, izen abizenak jartzen kasu guztietan". Euren asmoa da dituzten eta jasoko dituzten datuekin "ahal den neurrian mapa osatzea". Egañak jakinarazi duenez, hildako azken makia Francisco Etxeberria etxarriarra izan zen, 1951n Oiartzunen hila.  

Azkenik, joan den mendeko 50eko hamarkadatik gaur egunera arteko epea dago. Aurreko epetako metodologia berarekin aztertuko dituzte giza eskubideen urraketak. "Badakigu hildako batzuk izan zirela, kontroletan, espetxeratuak, torturatuak, bahituak, hildakoak kontroletan, Jesus Ulaiar alkate ohiarena, gerra zikineko-15 bat gertakariak, kale borrokako ekintzak… Nahi badugu mapa osotasunean eraiki, sufrimendu guztien adibideak jarri beharko genituzke. Horiek kontuan izanik lanari helduko dio fundazioak”.

Lanketa aurreratuta dago eta hainbat informazio jaso dela jakinarazi du Maizek. "Izan ere, fundazioak haien agiri funtsak dituzte. Hemerotekara eta bibliografiara ere jo da. Jasoa dagoen informazioa bilduko da".

Euskal Memoria
Etxarri Aranazko sufrimenduaren mapa egiteaz arduratuko dena Euskal Memoria fundazioa da. Nafarroan sortu zen 2009an, “giza eskubideen urraketa guztien bilketa eta transmisioa gizartearen eskura jartzeko tresna bat izatearen erabakia hartuta”. Dokumentazio zentro bat da. Euskal Memoriak informazio bilketa lan mardula egin du. Azken 80 urtetako biktima anitzen inguruan, milaka gizon eta emakume berreskuratuz, asko eta asko anonimatuan geldituak zirenak. Era berean eta ahal den heinean, giza-eskubide bortxaketa horiek eman ziren testuinguruak. Fundazioaren lanak -bai kolektiboak baita lokalak ere- historian lizentziatutako giza talde batek egiten ditu, gai bakoitzean adituek lagunduta.

Aurretik Nafarroan egon diren lanak eta artxiboak jaso ditu, tartean Gerra Zibilari buruzko garrantzitsuenak, Altaffayarena, Jimeno Juriorena; hitzarmen bidez eskuratu duena. Hainbat lanketa eta ikerketa mota desberdinak egiten dituzte. Esaterako, duela bi urte euskal erbestea ikertu zuten; urte bat lehenago gerra zikinaren gaia landu zuten.

Nafarroako Gobernuak legegintzaldi honetan historia-memoria gaian kontsultarako lantaldea sortu du eta bertako bost kideetako bat da fundazioa, gobernuaren arabera bazkide gehien duena. Zortzi urtetako ibilbidean, gehienbat erakundeetarako lan egin du Euskal Memoriak (Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta hainbat talderendako).