Europako bi abesbatzen bisita

Guaixe 2017ko urr. 27a, 12:21

Ukrainako Sophia ganbera abesbatzaren kontzertua, asteartean, 19:30ean, Irurtzungo elizan. Eta Pragako haur abesbatza filarmonikoak kontzertua emanen du asteazkenean, 19:00etan, Etxarri Aranazko elizan.

Nafarroako Nazioarteko Abesbatza Zikloa Tolosako abesbatzen lehiaketaren abarora egiten da eta aurten 23. edizioa du. Aurreneko urteetan bezala zikloak emanaldiak iragarri ditu Sakanan, bi zehazki. Gurean kontzertua eskainiko duena Kieveko (Ukraina) Sophia ganbera abesbatza gaztea da. Ivan Bogdanov zuzendari gazteak sortu zuen 2008an. Abesbatza Lasso, Monteverdi eta Errenazimenduko beste konposatzaile batzuen moteteak eta madrigalak kantatzen hasi zen. 2009an Mykola Leontovichen obrak abesten hasiko ziren.

2010ean zuzendaritza Alexey Shamritskyk hartu zuen, oraindik ere Ukraniako Musika Akademia Nazionaleko ikasle zela. Urte hartako azaroan Sviridoven bi kantata eta ukraniar herri kanten moldaketak interpretatu zituzten. 2011n Liturgy diskoa grabatu zuten non Rachmaninoff, Tchaikovsky, Arkhangelsky, Chesnokov, Schnittke eta beste sortzaile errusiar batzuren obrak jasotzen diren.

2012an abesbatza jaialdietan eta koralen topaketetan parte hartzen hasiko da. 2013ko maiatzean Victoria nazioarteko abesbatza txapelketako lehen saria irabazi zuen Sophia abesbatzak. Hurrengo urtean Abesbatza Musika Ortodoxoko Hajnowka nazioarteko jaialdia irabazi zuen. 2016an Debrecengo (Hungaria) Bela Bartok nazioarteko abesbatza lehiaketako ganbera koralen maila eta zuzendari onenaren diploma irabazi zuten.

Bigarrena
Etxarri Aranatzen ariko da Pragako haur abesbatza filarmonikoa. Txekiako abesbatza garrantzitsuenetako bat da haur koroa. 1932an sortu zuen Jan Kuhnek. Jatorrizko helburua haurrei kantuan irakastea zen, ahots naturala lantzea, intonazioa eta erritmo zorroztasuna arriskuan jarri gabe. Ordutik abesbatzak konposatzaileen, musika maite dutenen eta arte erakundeen arreta piztu du. Abesbatzak gutxi behar izan zuen Opera Nazionaleko Teatroarekin eta orkestrekin lankidetzan hasteko. 1952an Txekiako Filarmonikako laguntzaile bihurtu zen.

1956an Parisko I. Joko Olinpiko Koralak irabazi zituen. Pragako abesbatzak Europan, AEBn, Kanadan, Mexikon, Japonian, Malasian, Singapurren… makina bat kontzertu eman ditu. Tolosako lehiaketa hirutan irabazi zuen lehen korala izan zen (1998an, 2008an eta 2013an). 1967an Jiri Chvalak hartu zuen abesbatzaren zuzendaritzak eta berak igo zuen abesbatzaren maila gorenera. Gaur egun, haur abesbatzaren zuzendaria Petr Louzensky da.