Hilerrian topo egindako bi mundu

Guaixe 2017ko aza. 3a, 09:43

Horixe da Ondoko hilobiko tipoa antzezlanak proposatzen digun egoera. Ostiralean, 22:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean.

Heriotzak denak berdintzen gaituela diote. Horrek hurbilekoak kanpo santuan bisita egitera eramaten gaitu. Eta han topaketa bitxiak suertatzen dira, Txalo produkzioak-ek proposatutakoaren modukoak. Alde batetik, Aiora izeneko neska pinpirina, polita, gozoa eta alarguna. Bestetik, Pablo baserritarra, zekena, egoskorra eta ezkongabea. Bi mundu desberdin, baina bata bestearen ondoan topo egin dutenak hilerrian, gertukoak aldameneko hilobietan baitaude.

Maila sozial eta kultural desberdinak aurrez aurre. Irribarre leun bat, ordea, nahikoa izango da bi protagonisten arteko sua pizteko. Ezinezkoa litzatekeena posible eginen duena. Katarina Mazetti idazle suediarraren lan batean oinarritutako komedia jostagarria Aitziber Garmendia eta Iker Galatza aktoreek jokatuko dute, Begoña Bilbao Lejarzegiren zuzendaritzapean.