Udalak Auntzetxe bordaren erabilera arautu du

Guaixe 2017ko aza. 4a, 11:48
Sakanako ikastolen mendi taldea Etxarriko auntzetxen. Argazkia: artxiboa.

Urriaren 23tik indarrean dago Auntzetxe bordan aisialdiko jarduera pribatuetarako erabilera arautzen duen ordenantza.

Etxarri Aranazko Udalak uztailaren 5eko osoko bilkuran hasierako onespena eman zion Auntzetxe bordan aisialdiko jarduera pribatuetarako erabilera arautzen duen ordenantzari. Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, ordenantza behin betikoz onetsi da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 23an. Besteak beste, Auntzetxea erreserbatzeko bete beharreko prozedura, tarifak, ardurak, erabileren mugak eta debekuak eta zehapenak jaso dira ordenantzan.

Erreserbak
Auntzetxe borda beheko basoan dago, Olanon. Aipatu borda zabalik egongo da eta, mendiko aterpe gisa funtzionatuko du. 10 lagun bitarteko taldeen kasuan ez da borda aldez aurretik erreserbatu beharko, baina gomendagarria da erreserba egitea. Izan ere, aterpe barruan gehienez ere 29 lagun sartu ahal dira, eta Udalak erabiltzeko erreserbak onartuko ditu gehieneko edukiera bete arte. Eskabidea idatziz egin beharko da eta zein erabilera egin behar den zehaztu beharko da. Motordun ibilgailuekin bertaratu nahi izanez gero, matrikulak eman beharko dira.

Gehienez gau bat pasatu ahalko da Auntzetxen, kirol, kultur, hezkuntza edota zientzia jarduerak egiteagatik bertan gaua pasatzea ezinbestekoa bada. Bi gauetara ere luzatu ahalko da egonaldia. Behar bezala arrazoitutako kasuetan, Udalak, alkatetzaren ebazpen baten bidez, ordenantzako baldintzak aldatu ahal izango ditu eta ikastetxeendako baimen bereziak eman ahal izango ditu. Udalak sartzea ukatzeko eskubidea ere izango du.  

Tarifei dagokienez, 10 lagun bitarteko erreserban, egun bateko erreserbagatik 30 euro ordaindu beharko da, egun bat eta gau bat eginez gero, 45 euro, eta bi egun eta gaua eginez gero, 60 euro. 20 lagun bitarteko taldeek, eguneko erreserbagatik 50 euro ordainduko dute, eguna eta gauagatik 75 euro eta 2 egun eta gauagatik 100 euro. Bukatzeko, 29 bitarteko taldeek 80 euro ordainduko dituzte eguneko erreserbagatik, 120 euro egun bateko eta gau bateko erreserbagatik eta 160 euro 2 egun eta gaua bertan emateagatik.

Etxarri Aranatzen erroldatutakoek edo Etxarrin etxea dutenek, ez dute tasa ordaindu behar izango, baina 10 lagunetik gorako taldea osatzen badute, fidantza jarri beharko dute. Jakina, erabiltzaile guztiek Auntzetxe borda eta inguruak garbitu beharko dituzte eta instalazioak egoera onean mantendu beharko dituzte. Kalteak badaude, haiek konpontzeak dakarren gastu osoa gehi %20ko errekargua ordaindu beharko da.