Etxarri Aranazko Txakurkrosa antolatu dute

Guaixe 2017ko aza. 23a, 16:17

Abenduaren 17an jokatuko da, Etxarriko kanpinean. Izena ematea zabalik dago www.kirolprobak.com webgunean

Etxarri Aranazko Xalok zentroak, Hondarribiko Euskanikross taldearen laguntzarekin, Etxarri Aranazko Txakurkrosa lasterketa antolatu du abenduaren 17rako. Horrela, txakurrekin batera egiten den lehendabiziko lasterketa izango dugu Sakanan. Lasterketak Etxarri Aranazko kanpina izango du abiapuntu eta helmuga eta beheko basoan jokatuko da. Kanikros taldeko kide den Igor Artieda etxarriarrak aipatu digunez, ibilbideak Triku Trail mendi lasterketaren tarte bat hartuko du. “Triku Trailen lehen eta azken bizpahiru kilometroek osatuko dute proba”. Haritz zahar eta paraje bikainen artean burutuko da, beraz.

Euskanikross taldekoek hilero irteera bat egiten dute, eta urriko topaketa Etxarri Aranatzen egin zuten. Horrela, Etxarri Aranako Txakurkrosa burutuko den parajeetan barna ibili ziren, probako txokoak ezagutzen. “Izugarri gustatu zitzaien ibilbidea” aitortu digu antolakuntzan buru-belarri dabilen Artiedak.

Hiru modalitateko lasterketa izango da Etxarri Aranazkoa: bikejoring, pertsona txirrindula gainean eta txakurra txirrindulari lotuta dagoela; patina, pertsona patin handi antzeko baten gainean doana eta txakurra patinari lotuta; eta kanikrosa edo txakurkrosa, pertsona korrikan ari dela eta txakurra nagusiari lotuta. Lehen bi modalitateetan parte-hartzaileek 6,3 km-ko distantzia osatu beharko dute eta azken modalitatean, kanikros proba luzeak 6,3 km-ko distantzia izango du eta proba herrikoiak distantzia erdia izango du, 3 km. Ibilbide ederra izango da, paraje zoragarrietan barna. Horretaz gain, haurrendako probatxoa ere prestatuko dute.

Izena ematea
Izena ematea zabalik dago, www.kirolprobak.com webgunean.