Jose Luis Erdoziak idatzi eta 13 etxarriarrek antzeztu dute Txiñerratxo lana. Ostiraleko eta igandeko emanaldiekin “oso gustora” gelditu dira bai idazlea baita aktoreak ere. Erdoziak jakinarazi digunez, emanaldiak grabatu egin dira. Hura txukundu ondoren Etxarri Aranazko Udalaren www.etxarriaranatz.eus web orrian ikusgai jarriko dute, Etxarriko Ahotsak atalean hain zuzen ere. Atal horretan herriko ahozko ondarea jasota dago, besteak beste, hainbat elkarrizketa edota 2012an herriaren sorreraren 700. urteurrenaren aitzakiarekin egin zen herri-antzerkiko bideoak. Toki berean irakurgai utziko dute antzezlana bera, zeinetan hitanoa erabiltzen den.