Justo De la Cueva artxiboaren aurkezpena

Guaixe 2017ko abe. 1a, 11:47

Omenaldian hainbat hizlarik hartu zuten hitza. Argazkia: utzitakoa.

Justo De la Cuevaren eta Margarita Aiestaranen ondarea zabaltzea da helburua.

Justo De la Cuevak eta Margarita Aiestaranek hainbat hamarkadetan bildutako artxibo pribatuan dokumentazio ugari dago. Haiek sortutakoa da zati bat, bildutakoa bestea. Horiek guztiak Justo De la Cueva Dokumentu eta Artxibo Gunean bildu dituzte. Haren aurkezpena igandean egin zuten. Aukera baliatu zuten Errusiako iraultzari omenaldia egiteko, Justo eta Margarita protagonista dituen Dos rojos separatistas vascos dokumentala emateko. Azkenik, Justok Basque Red Net web orria sortu zuela 20 urte sortu zuela gogorarazi zuten.

De la Cueva Dokumentu eta Artxibo Gunea, www.justodelacueva.info, gizarte eta politika zientzietako 10.000 liburu inguru daude, zeinetan teoria eta historia marxista nabarmentzen diren. Frankismoari buruzko eta Euskal Herriko gertuko historiari buruzko hainbat lan ere daude agiritegian. 1980, 1990 eta 2000 hamarkadetako dokumentazio pila dago.

Horrekin batera, 1960 eta 2010 urteen artean Justoren eta Margaritaren sortze zientifikoa jasotzen da agiritegian. Hainbat gai lantzen diren 1.513 obra, Justok berak erreseina egindakoa. Gainera, 50 kutxetan dokumentazioa, kartelak, esku-orriak, bideoak eta agiri ugari dituzten lau disko gogor daude. Azken horiek katalogatzea falta da. Horrekin guztiarekin batera Basque Red Net web orrian argitaratutako analisi politikoak gehitu behar zaizkio.

Diru-bilketa
Agiritegiaren funtsak Justoren irizpideen arabera antolatu eta katalogatzeko Internet bidezko diru bilketa egiteko asmoa dute arduradunek heldu den urtean. Lortutako diruaren bidez lanaren logistika pagatuko da. Izan ere, katalogazioa eta antolaketa 14 pertsonek eginen duten auzolanaren fruitua izanen da. Bi urte jarri diete euren buruei. Horren ondoren agiritegiaren egitura fisikoa saldu edo dohaintzan emanen dute, ikerlariendako irisgarria izan dadin.