I. Etxarri Aranazko Txakurkrosa jokoan

Guaixe 2017ko abe. 15a, 13:37

Igandean, 9:00etatik aurrera jokatuko da, hiru modalitateetan, Etxarri Aranazko kanpinean

Txakurrari lotuta korrika egitea. Hori da, modu xumean azalduta, txakurkrosa. Baina hori baino asko ere gehiago da. Hainbat modalitate daude: txakurkrosa, txakurrari lotuta korrika egitea; bikejoring, parte-hartzailea bizikletari lotua joatea eta txakurrak bizikletari lotua; eta patina, parte-hartzailea patin baten antzeko batean joatea eta txakurrak patinari lotuta. Bada, modalitate hauek guztiak zuzenean ikusteko aukera izango dugu igandean gurean, igandean jokatuko baita I. Etxarri Aranazko Txakurkrosa. Etxarriko Xalok kirol, dietetika eta nutrizio zentroak eta Euskanikross taldeak antolatu dute proba. Euskanikross taldeko Igor Artieda etxarriarrarekin bildu gara.

Artiedak azaldu digunez, Xalok zentroari otu zitzaion proba antolatzearen ideia. “Xalokeko lantaldean txakurkrosean aritzen den mutil bat dago. Ana Carmen Huarte nagusiak txakurkrosa antolatzearen ideia begi onez ikusi zuen eta halako probetan aritzen naizenez, asmoa aipatu zidaten. Baiezkoa eman eta hor gabiltza, guztia prestatzen” aipatu digu Artiedak.

Urtasun, Lanz eta Artieda
Igor Artieda aurreko urtean hasi zen txakurkrosean. “Mendi lasterketetan ibiltzen naiz azken urteotan. Iaz txakur bat adoptatu genuen eta mendira entrenatzera joaterakoan nirekin eramaten hasi nintzen. Txakurkrosaren inguruko informazioa eskatu nuen, gutxinaka hasi nintzen eta esperientzia izugarri polita denez, horretan jarraitzen dut. Euskanikrossa taldeko kide egin nintzen eta iaz, garai honetan hasi nintzen halako probatan parte hartzen” azaldu digu etxarriarrak. Hala ere, Sakanan txakurkrosean aritzen diren beste kirolari batzuk badaude. “Juan Bautista Urtasun urdiaindarrak 20 urte baino gehiago daramatza mundu honetan. Berak bizikletarekin eta patinarekin parte hartzen du, txakurrekin lotuta. Eskarmentu handia du eta primeran dabil; gaur egun Espainiako Kopan laugarrena edo bosgarrena da. Igandeko Etxarriko proban aritzekoa da” nabarmendu du Artiedak. Iganderako ere izena emana dagoena Igor Lanz arakildarra da.
 
Txakurkrosa ez da berria Sakanan. Duela 20 urte inguru Altsasun probaren bat antolatu omen zuten. Baina ordutik ez da egin. “Xaloketik sortu da Etxarrikoa egiteko ideia, baina nik banuen ere ideia bueltaka, aspalditik. Izan ere, hemen txakurkrosean aritzeko baldintza paregabeak daude: xenda ederrak, politak eta luzeak, desnibelarekin edo desnibel gabekoak… ingurua ikusgarria da halako probetarako. Urrian Euskanikrossa taldekoekin ibilbidean barna ibili ginen eta txundituta geratu ginen. Egunotan ere kirolariak etorri dira, probatzera, eta liluratuta joan dira” nabarmendu du Artiedak.

Probak Etxarriko kanpinean
Lasterketa Etxarriko kanpinean izanen da, igandean. Goizeko 8:00etan albaitariek txakurrei kontrol probak egingo dizkiete. “Txakurren ongizatea bermatua egon behar dela proba hauetan. Hori da arau nagusia. Albaitariek lasterketa aurretik txakurrak ikuskatzen dituzte, bakunak ongi dauden, arnasketa nola duten,  hankak ongi dituzten... oinarrizko araua da. Txakurra oso urduri badago, lasterketatik atera behar da, bakoitzak ikusi behar du nola dagoen txakurra eta sufritzen badago, erretiratu beharko luke. Txakurrek beroarekin sufritu egiten dute, eta 17 gradutik gorako tenperaturekin neurriak hartzen dira: ordutegia aldatu, ibilbidea laburtu eta baita proba bertan behera uztea ere” azaldu digu. Baina igandean ez da arazorik egongo. “Txakurkrosean aritzeko aparteko eguna izango dugu. Gradu bat eta seiren bitartean, guretako primerakoa”.

Lasterketa Etxarriko kanpinetik abiatuko da. 50 parte-hartzaile inguru zeuden izena emanda ostegun goizean www.kirolprobak.com web orrian, puntakoak. Goizeko 9:00etan bikejoring eta patinen modalitatekoak abiatuko dira (6 km), 10:00etan txakurkros herrikoia (3,4 km) eta 10:45ean txakurkrosa (6,3 km). 11:30ean haurrendako txakurkrosa antolatu dute, 800 metrokoa, txikienengan afizioa sortzeko. Triku Trail lasterketako paraje batzuetatik barna ibiliko dira parte-hartzaileak. “Lehenengo kilometroa eta azkeneko bi kilometro erdiak Triku Trailekoak dira. Haiek mendian gora jotzen dute eta gu behealdean ibiliko gara. Eskarmentu handiko jendea egon da bidea probatzen eta oso kontentu joan dira hemendik. Beraz, proba ikusgarria espero da, ibilbide ikusgarriaz gain, maila bikaineko jendea etorriko delako” esan digu Artiedak. Bera ez da ariko, lesio bat tarteko.

Ikusgarria
Halako probak ikusgarriak direla nabarmendu du etxarriarrak. “Abiadura izugarrizkoa da, bereziki txirrindula eta patinetan doazenen kasuan. Korrikalariak ere azkar dabiltza. Izan ere, txakurrak tira egiten dizu, puntu bat harago eramaten zaitu. Distantzia bat zuk bakarrik 3:30ean egiten baduzu, txakurrarekin 3:15ean egingo duzu edo gutxiago. Beraz, txakurrarekin lotuta, 15 segundoko abantaila ateratzen duzu. Horregatik lasterketa motzak dira, esplosiboak” zehaztu digu. Eta, horregatik, igandean Etxarriko kanpinera gerturatzera animatu ditu sakandarrak. “Giro polita egongo da. Ibilbidea ere polita da, ikusgarria. Mundu hau ezagutzen ez dutenendako, txakurrak maite dituztenendako eta orohar, guztiendako diziplina ikusgarria da eta gozatzeko aukera ona da igandean Etxarrin duguna. Ea proba ikustera jendea animatzen den. Ibilbide guztian barna jarraitu daiteke proba, baina Auntzetxera bidean, pinudi baten ondoren dauden aldapa edo tobogan moduko horretan, are ikusgarriagoa izanen da ikustea” gomendatu du.

Sari ematea eta erakusketa, plazan
Etxarriko kanpinean txakurkrosa despeditu eta gero, herrira jaitsiko dira parte-hartzaileak. 12:30ean sari ematea eta auzatea izango da herriko plazan, eta 13:30ean txakurren agility erakusketa antzekoa izanen da plazan, Dorraoko Otsanda zentroari esker.