Eneka Maiz alkateak jakinarazi duenez, urte berriarekin batera oinezkoendako bi espazio izanen ditu Etxarri Aranatzek. Horrek kaleen norabidean ere aldaketak ekarriko ditu. Oinezkoendako espazio horietako bat Iturri eder inguruan gaur egun autoak aparkatzen duten espazio guztia da. Horrek bi eragin ditu autoen trafikorako. Batetik, medikuaren etxea edo musika eskola izan zenaren eta Iraize tabernaren arteko kalea trafikoarendako moztuko da. Bestetik, Burundabide kaletik, errepidetik, sartzen direnak Larrañeta kalean aurrera bakarrik joateko aukera izanen dute eta behin frontoia pasata ezkerretara joateko aukera besterik ez da izanen. Ikastola hartzen duen etxadian beti ezkerrera biratzeko aukera izanen da.
Beste oinezkoendako beste espazioa udaletxe ondoko galtzadarriena da. Baina Larrañeta kalearen zati bat ere hartzen du, botika pareraino. Pertsona helduendako, haurren gurdiendako eta mugikortasun arazoak dituztenendako galtzadarriak traba direnez udala horiek ordezkatzea aztertzen ari dela jakinarazi digu Maizek. Hala ere, udaletxetik Bizente Bakaikoaren etxeraino espazio bat utziko da autoak Ugalde kalera sartu ahal izateko.
Alkateak gaineratu duenez, udaletxearen eta Derry tabernaren parean dauden zebrabideen arteko tartea ere nolabait ordenatu beharko litzatekeela uste dute udalean, “oinezkoen eta autoen arteko nahasmendua dagoelako eta arrisku egoerak sortzen direlako”. Oinezkoen espazioak sortzeko lehen fasean udalak 25.000 euro inbertituko ditu. Eta beste horrenbeste aurrerago espazio horietan hobekuntzak egiteko.
Etxarri, oinez bizi!
Hori dioen kartel batek harrera egiten dio auto gidariari Larreñondo kalean udalak egin duen aparkalekuan. 80 auto baino gehiago sartzen dira. Handik plazara oinez bi minutu daude. Mugikortasunari eragiten dioten neurri horiek plaza hobetzeko otsailean udalak abiatutako parte hartze prozesuaren baitan hartu ziren. Behin horiek martxan jarri eta baloratu ondoren, kioskoaren iparraldean estalopea jartzeko asmoa hartuko du udalak.