16 urtetik gorako etxarriarren lautik hiru euskalduna da

Guaixe 2017ko abe. 15a, 08:33

Euskaldunen tasa 2001etik 2017ra bere horretan mantendu da: % 74,85 da gaur egun. Ia euskaldunak etxarriarren % 15,95 dira eta, azkenik, erdaldunak % 9,2 dira. Aurten egin den soziolinguistika-inkestaren emaitzak dira aurrekoak.

Euskara ezagutza maila oso altuko herria da Etxarri Aranatz. Hala ere, etxarriarrek aitortu dute euskara gehiago hitz egiten dutela udaletxean edo osasun etxean, lagunartean edota etxean baino. Eneka Maiz alkateak esan zuenez, “garai batean eremu formalean euskara erabiltzeko lanketa egiten zen. Orain ikusten dugu fokua jarri beharko dugula familian eta lagunartean”.

Alkateak etxarriarrak euskararen normalizazioan arlo desberdinetan lan egitera deitu zituen. Udaleko Euskara Batzordea da horietako bat, ilbeltzean bilduko dena, eta hartan parte hartzeko gonbidapena luzatu zuen. Alazne Juaniz euskara zinegotziak aurreratu zuen eremu informalean, familian bereziki eragiteko asmoa dutela. Gazteekin ere aritu nahi dute. Hainbat ideia badituzte ilbeltzetik aurrera landuko dituztenak.

Inkestaren zergatia
Soziolinguistika-inkesta Maialen Ijurra euskal filologoak egin du abendua eta lastaila artean. Ikasten zegoela praktika modura egin zuen ikerketa, Etxarri Aranazko Udalarekin elkarlanean. Lana egiterakoan Ijurrak, alde batetik Euskal Herriko Unibertsitateko bere irakaslearen eta Udal Euskaldunen Mankomunitatearen aholkularitza izan du. Behin ikerketa eginda, Sakanako Mankomunitateko euskara teknikari Izaskun Errazkin ondorioak ateratzen lagundu du.

Ijurrak emaitzen eta ondorioen aurkezpenean gogorarazi zuen “herrian euskararen egoera nola zegoen ikusteko datu berrien beharra” zegoela. “Etxarrin genituen datuak oso zaharkituak zeuden” zehaztu zuen Errazkinek. Izan ere, Nafarroako Gobernuak egindako azken Mapa Soziolinguistikoa 2011koa da. Baina han ez zuen herriz herriko daturik eman, 5.000 biztanletik gorako herrietakoak eta eskualdekoak soilik, hau da, Altsasukoak eta Sakanakoak. Beraz Etxarri Aranazko euskarari buruzko azkeneko datu fidagarriak 2001ekoak dira. Ordutik herrian gauzak aldatu dira, esaterako, eskolan D eredua da bakarra.

“Lan hori gabe guk ez dugu nondik ezagutu herritarren errealitatea” azaldu zuen Errazkinek. Gaineratu zuenez, soziolinguistika-inkestaren bidez “iritzi aitortuak jaso dira. Emaitzek joera erakusten dute”.  Eta emaitzak eta ondorioak eman aurretik zehaztapen bat egin zuen: 2001eko datuak 5 urtetik gorakoei dagozkie eta aurten egindakoak 16 urte edo gehiago dituztenei. 16 urtez azpikoen artean euskara ezagutza oso handia dela nabarmendu zuen. Beraz, atera diren emaitzetan “aldea ez da esanguratsua”.


Hizkuntza gaitasuna
Soziolinguistika-inkestak agerian utzi du Etxarri Aranatzen euskararen ezagutza altua eta ulermena oso altua dela. % 74,85 euskalduna da, hau da euskara ongi hitz egin egiten du. 2001ean % 77,55 zen. Ia euskalduna, hau da, euskara ongi ulertu, baina zailtasunez hitz egiten dute etxarriarren % 15,95. 2001ean % 12,53 zen. Azkenik, etxarriar erdaldunak % 9,2 da. 2001ean, berriz, % 9,93.

Ezagutzan kopuruak mantendu badira, adin tarteetan aldaketak egon dira. Gaur egun adin tarte guztietan gehiengoa euskalduna da. Errazkinek azpimarratu zuen 34 urtetik beherakoetan % 90 gainditzen duela ezagutzak (16-24 urte % 90,3 eta 25-34 % 93,18). Gainera, 35 eta 49 adin tartean euskaldunen tasa herriko bataz bestekoaren gainetik dago, % 81,61. Duela 16 urte adin tarte euskaldunenak 25 urtetik beherakoak (14 urtera arte % 87,9 eta 15,24 % 88,01 eta 65 urte edo gehiagokoen adin tarteak ziren (% 81,97).

Bi neurketen arteko aldea da etxarriar heldu gazteenak euskaldundu egin direla. Eta horren garrantzia nabarmendu zuen Errazkinek: “adin tarte horretan euskararendako irabaziak izatea garrantzitsua da, langileak, gurasoak… direlako. Gizarte bizitzan eragin handia duten adin tarteetan euskaldun tasa asko egin du gora”.

Euskaldun guztiak elebidunak gara, baina hizkuntzak hitz egiteko erraztasunak ez dira berdinak. Horretaz galdetuta, Etxarriko euskaldun gehienek (% 43,44) diote bi hizkuntzetan ongi moldatzen dela; % 33,61 hobeki moldatzen da euskaraz eta beste % 22, 95 gaztelaniaz hobe aritzen da. Adinari erreparatuta, 34 urte bitarteko gehienak (% 50etik gora) euskaraz hobe moldatzen dira. Baina adina igo ahala, gehiago dira bi hizkuntzetan ongi edo gaztelaniaz hobeki moldatzen direnak. Euskara gaitasun erlatibo baxuena 50-64 urtekoek dute % 13,33, % 51,11 bietan eta % 35,56 gaztelaniaz hobeto.

Haurtzaroko lehen hizkuntza eta etxeko erabilera
Etxarriar gehienek (% 73,93) etxean jaso dute euskara, baina gero eta gutxiago dira etxean euskara bakarrik jasotzen dutenak. 2001ean % 70,74 baziren, gaur egun % 52,15 dira. Ia 20 puntuko jaitsiera. Etxean euskara eta gaztelania jasotzen dutenen arteko joera gorakoa da: 2001ean % 7,63 eta aurten % 21,78. Errazkinek azaldu duenez, “euskararen arnasgune gehienetan errepikatu da hori”. Gero eta bikote misto gehiago egotea “arrazoiaren zati bat da”. Izan ere, bi gurasoak euskaldunak diren kasuetan (herritarren % 61,96) ez dago bermatuta haurtzaroko lehen hizkuntza euskara izatea (%81,62k euskara bakarrik). Horretan ere adinaren arabera aldaketak daude. Bi gurasoak euskaldunak dituztenen artean euskara bakarrik jaso dutenen tasa altuena 24 urtez beherakoa da (% 93,33) eta baxuena 50-64 urtekoena (% 72).

Etxeko erabileran ere beheko joera dago ere. Etxean euskaraz beti edo gehienetan hitz egiten zutenak 2001ean % 61,12 baziren, aurten 49,99 dira. Bi hizkuntzetan ari zirenak %15,3 ziren 2001ean eta % 13,12 gaur egun. Azkenik, etxean gaztelaniaz beti edo gehienetan %21,46 ziren 2001ean eta % 26,68 aurten. Beste hizkuntzetan aritzen direnen arteko aldea % 2,12 eta % 0,41 da.

Inkestatutako etxarriarrei lagunartean, lankideekin, ikaskideekin eta nola hitz egiten zuten galdetu zitzaien eta erdia inguru beti euskaraz edo gehienetan aritzen dela erantzun du. 2016an egin zen Kale Erabileraren Neurketak etxarriarren kaleko elkarrizketen % 57,8 euskaraz zirela zenbatu zituen. “Kontuan izanik inkestan 16 urtetik beherakoak ez direla sartu eta haurren presentziak euskararen erabilera handitzen duela, emaitzak zentzuzkoak dira”.

Erantzundakoaren arabera, administrazioan, hau da, udaletxean eta osasun etxean euskararen erabilera nabarmen igotzen da. “Badirudi azken urtetan udalak euskararen erabilera bultzatzeko egin duen lanak eragina izan duela. Euskaldunek gune euskalduntzat dute administrazioa”.

Euskalkia
16 urte edo gorako herritar euskaldunen eta ia euskaldunen % 74,66k etxarriera; % 16, 89k pixka bat dakite eta % 8,45ek ez dakite. Adin tarte guztietan baiezkoa nagusitzen da “nabarmen”. Hala ere, etxarriar euskaldunen eta ia euskaldunen % 41,89k uste du euskalkia galtzen ari dela. Beste % 40,88k kontrakoa pentsatzen du.

Euskararen sustapenaz
Euskarari bultzada ematearen inguruan ere galdetu zaie etxarriarrei. Galdekatuen % 76,99rendako egokia da udalak euskara sustatzeko egin duen lana. Gainera, etxarriarren % 85,9 konforme dago administrazioan sartzeko euskara jakitea beharrezko izatearekin.

Metodologiaz
Nafarroako Gobernuak erabiltzen duen galdetegia erreferentziatzat hartu zuen Ijurrak. Hau da, hizkuntza gaitasunari, erabilerari eta euskara sustatzeari buruzko galderak egin zituen. Baina baita euskalkiari eta hikari eta nokari buruzkoak ere. Galdera horiek 16 urte edo gehiago dituzten 2.134 etxarriarretatik 326ri egin zien. Sexu eta adin-tarteen arabera banaketa egin, zozketa bidez aukeraketa egin eta telefono bidezko galdeketa egin zien. % 95eko konfiantza-maila du inkestak. Bi hilabete eman zituen hots eginda.