Olga Garziandia Ijurko eskiatzaile etxarriarrak pausu bat aurrera eman du eskian. Uharte Ipar Eski Taldeko kidea da Olga, bere aita Benar Garziandia Goñirekin batera. Aurten junior mailako lehen urteko mailan lehiatzen ari da Olga, eta asteburuan Espainiako Iraupen Eskiko Kopako lehen proban parte hartu zuen, Baqueira Bereten. Ongi ekin dio denboraldiari, baina aurten beste kirol batean ere parte hartzen hasi da etxarriarra: Biatloian. Kirol honek iraupen eskia eta tiroa lotzen ditu: eskiatzaileek iraupen eskian parte hartzen dute, karabina bizkarrean dutela, eta tartean tiro ariketak egin behar dituzte
“Olga aurten hasi da biatloian. Urrian hasi zen, eta abenduaren 12an Alpeetan, Austriako Tyrolean, Obertilliachen lehiatu zen Uharte Ipar Eski Taldeko taldekide batekin, Unai Palaciosekin, IBU Junior Cupean, Biatloi Mundialean, junior mailan. 101 parte-hartzaileetatik 96.a sailkatu zen. Oso pozik dago, elurraz, eskiaz eta biatloiaz gozatzen ari baita, eta hori da garrantzitsuena” aipatu digu bere ama Izaskun Ijurko Urrestarazuk. Hurrengo proba errege eguneko asteburuan da, Frantzian, Suitzatik gertu.
Garziandiatarren bizia elurrari lotua dago. Elurra ez dagoenean, udan, rollerskian ibiltzen dira eta neguan ia astebururo jotzen dute elurretara, eta txapelketak eta probak bata bestearen atzetik dituzte. Esaterako, aurreko asteburuan Iraupen Eskiko Espainiako Kopan lehiatu zen etxarriarra, junirren lehen urteko mailan. Lauzpabost proba ditu Kopak, eta hurrenak Belaguan, Candanchun eta Linzan jokatuko dira. Eta asteburu honetan Belaguako Eski Martxan parte hartuko dute Olgak eta Benarrek.
Aurreko denboraldian Espainiako Iraupen Eskiko Kopako master II mailan hirugarrena sailkatu zen Benar Garziandia. Alaba, Olga, kadeteen mailan aritu zen eta hamargarrena sailkatu zen, belaunean arazo bat tarteko, bere sasoi puntuan egon gabe. Aurten osasun arazorik gabe, noraino helduko da?